Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
Leioako San Juan Jaiak 2026: egitaraua
BesteKulturklik

Leioako San Juan Jaiak 2026: egitaraua

📅 2026(e)ko ekainaren 19(a), ostirala → 2026 eka. 24(a)

📍 Leioa

🗺️ Ireki Google Maps-en

Leioa prest dago San Juan jaien edizio berri bat bizitzeko. Ekainaren 19tik 24ra bitartean, eta ekainaren 12tik aurrera aurre-jaietako egitarau zabal batekin, udalerria berriro ere herritarren topagune handi bihurtuko da, gustu eta adin guztietarako diseinatutako programazioarekin. Bederatzi egunez, Leioako kale eta plazak kultura-, musika-, kirol- eta aisialdi-jarduerez beteko dira, tradizioa eta berrikuntza uztartuz eta herritarrei gozatzeko eta elkarrekin partekatzeko aukera ugari eskainiz. Gastronomia-lehiaketek, herri kirolek, kuadrillen arteko jokoek, herri-bazkariek eta adin guztietarako jarduerek jai hauen ezaugarri den parte-hartze espiritua bizirik mantentzen lagunduko dute. Urtero bezala, kuadrillek funtsezko zeregina izango dute ospakizunetan, San Juan jaien nortasunaren parte diren proba eta lehiaketa askotan parte hartuz. Azpimarratzekoa da, besteak beste, pregoiaren eta txupinazoaren ondorengo jaitsieran 114 kuadrillak parte hartuko dutela, guztira 2.800 pertsona inguruk; eta ekainaren 20ko larunbatean egingo den herri-bazkarian 2.500 lagun inguru bilduko direla Bidebarri Boulevardean, udalerriaren erdigune eta ardatz nagusietako bat berreskuratuz. Leioako San Juan Jaiak 2026: egitaraua (pdf) TRADIZIOA, KULTURA ETA MUSIKA UZTARTZEN DITUEN EGITARAUA Jaien hasiera ofiziala ekainaren 19ko ostiralean izango da, Udaletxetik egingo den ohiko txupinazo eta pregoiaren irakurketarekin. Aurten, pregoia Dangadaka Taldeko kideek emango dute. Taldeko Sandra eta Erlantz izango dira Mari Pepa eta Arlote pertsonaiak antzeztuko dituztenak, eta haiek izango dira jaien hasiera iragartzeaz arduratuko direnak. Musika izango da berriro ere San Juan jaien erakargarri nagusietako bat. Lehendakari Agirre plazak hartuko ditu kontzertu nagusiak, publiko mota guztientzako proposamenekin. Kartelburu izango dira Neomak eta Oxabi ekainaren 19an, ostiralean; Los Niños Jesús – Manel Fuentes & The Spring's Team Band ekainaren 20an, larunbatean; eta Vulkano Show Orkestra ekainaren 21ean, igandean. Musika-programazioa Elexaldeko txosna-gunean aurreikusitako emanaldiekin osatuko da. Bertatik igaroko dira Horas Muertas eta Mirua (ekainak 19), Alarma Morea eta Ilberri (ekainak 20), Dale Kaligula, Xiberoots eta Maloa Brothers (ekainak 21), Basaki eta Orekka Erromeria (ekainak 22) eta Skabidean (ekainak 23). Horrez gain, udalerriko hainbat gunetan musika eta ikuskizunak izango dira jai-aste osoan zehar. Udondo Boulevardak, José Ramón Aketxe plazak, Ikea Barri plazak, Euskal Etxeen plazak eta Aldapa Auditoriumak Brincadeira, Los Gascones, Piano Pupp, Xabi Aburruzaga, Ianira-Iñigo, Asier Bilbao Show eta Leioako Musika Bandaren emanaldiak hartuko dituzte, besteak beste. Azken hau ekainaren 20an izango da, José Ramón Aketxe plazan. FAMILIA OSOARENTZAKO JARDUERAK Familiek aukera zabala izango dute jaiak txikienekin batera gozatzeko. Jai-aste osoan zehar, Errekalde plazan egunero haur-jarduerak izango dira, eta Euskal Etxeen plaza familia osoari zuzendutako jarduera, ikuskizun eta joko parte-hartzaileen agertoki bihurtuko da. Programazioan honako hauek izango dira: Ikusi (Leioa) Makusi familia-tailerrak, Jokai ekimeneko familia-jolasak, apar-festak, txosna-guneko haur-tailerrak, musika-, antzerki-, magia- eta pailazo-ikuskizunak, eta haurrei zuzendutako emanaldiak, hala nola Pepa eta Kutxo, Sardina Freskue, Ladelai Magoa, Patata Tropikala eta Euskal Jaia musika eta dantza ikuskizuna. Kirolak ere protagonismo handia izango du jaietan, hainbat diziplinatako txapelketa eta erakustaldiekin. Aurre-jaietatik bertatik eskuzko pilota, gimnasia erritmikoa, boxeoa, arrantza, saskibaloia eta arte martzialetako lehiaketak egingo dira; jai-egunetan, berriz, kirol-hitzordu berriak eta kuadrillen arteko ohiko probak gehituko dira. EUSKAL TRADIZIOA ETA KULTURA Jaiek euskal kulturaren eta tradizioen presentzia nabarmena mantenduko dute. Egitarauan honako hitzordu esanguratsu hauek izango dira: Anteiglesiako Aurreskua, Dantza Alardea, bertsolari saioak (Unai Mendiburu, Aitor Sarriegi, Erika Lagoma eta Sustrai Colina bertsolariekin), herri kirol erakustaldiak, txistularien kalejirak eta Euskadiko ohitura eta kultur adierazpenei lotutako hainbat jarduera. Ekainaren 23a, asteartea, San Juan jaien egunik magikoena izango da. Udalerriaren 500. urteurrenaren harira antolatutako Tokiko Taldeen Lehiaketa egingo da 20:00etatik aurrera J.R. Aketxe plazan. Bertan ariko dira finalera iritsitako taldeak: LORREINE, STILL RISING eta SVB (Soporte Vital Básico). 22:30ean, San Juan Gauari hasiera emango dion musika, argi eta koloreen ikuskizuna izango da, HORTZMUGA konpainiaren eskutik. Ondoren, 23:15ean, San Juan sua eta piro-musikaz lagundutako ikuskizuna egingo dira Lehendakari Agirre plazan. Aurten, sua piztu ondoren ez da ohiko suziririk jaurtiko. Jaia 00:00etan jarraituko du San Juan Gaueko AKELARREarekin eta txosna-gunean egingo diren bi erromeriekin. AURRE-JAIAK: ELKARTASUNA, KIROLA ETA KULTURA Jai giroa astebete lehenago hasiko da, ekainaren 12tik 17ra bitartean garatuko den aurre-jaietako egitarau zabalarekin. Ekainaren 12an, ostiralean, 19:00etan barraken eremua irekiko da. Ordu berean hasiko da Sakonetako frontoian eskuzko pilota txapelketa, eta 22:30ean umorea izango da protagonista berriro Aldapa Auditoriumean, Leioa Comedy Night ekitaldian, Gemma Martínez eta Txabi Franquesaren bakarrizketekin. Ekainaren 13an, larunbatean, Sakonetako kiroldegian arte martzialetako kluben erakustaldia egingo da, eta Kandelazubietako kiroldegian Leioako patinaje klubaren erakustaldia. Horrez gain, haur-tailerrak eta Sabino Arana etorbidean zehar ibiliko den musika-kalejira ere izango dira. Egun horretan Antzinako Eguna ere ospatuko da. Jardunaldi herrikoi, parte-hartzaile eta jai-girokoa izango da, eta kuadrillak izango dira protagonista nagusiak. Gastronomia-lehiaketak eta haur zein helduentzako lehiaketak egingo dira, eta eguna NONBAIT taldearen erromeriarekin amaituko da. Bestalde, ekainaren 13an eta 14an, goizez, RAIL-ROAD LEIOA 2026 elkartasun-ekitaldia izango da Kultur Leioan, J.R. Aketxe plazan eta Errekalde plazan, ASPANOVASen alde. Tren maketak, Scalextric zirkuituak, auto eta moto erakusketak eta “Azulito” autobus historikoa izango dira ikusgai. Ekainaren 14an, igandean, gimnasia erritmikoko txapelketak eta boxeo-borrokak egingo dira. Gainera, XXIV. Jota Lehiaketa eta Itsas Arrantzako II. Txapelketa Intersoziala ere izango dira. Ekainaren 15ean, astelehenean, saskibaloi txapelketaren txanda izango da. Halaber, ekainaren 17an, asteazkenean, gazteenek Barraketako Haurren Eguna izango dute Iturriondoko aparkalekuan.

Ikusi jatorrizko iturrian