Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
Rockein 2026 (izen-ematea)
BesteKulturklik

Rockein 2026 (izen-ematea)

📅 2026(e)ko maiatzaren 22(a), ostirala → 2026 uzt. 2(a)

📍 Basauri

🗺️ Ireki Google Maps-en

Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa antolatu du hamalaugarren urtez jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzenduta. Izena emateko epea gaur, maiatzaren 22an, hasi da eta uztailaren 2ko arratsaldeko zortziak arte egongo da irekita. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, eta Basauriko Social Antzokian arituko dira azaroaren 14an, larunbatez. Gau horretan bertan erabakiko eta jakinaraziko du epaimahaiak zeintzuk izango diren 2026ko edizioko artista irabazleak. Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez, lehiaketaren erakunde laguntzaile izaten jarraitzen du Bizkaia Sariaren bitartez. Sariak Bizkaiko artistarik onenak Bilboko El Tigre estudioetan EP profesional bat grabatzea eta 2027ko MAZ Basauri festibalean aritzea ekarriko du. Reeler taldeak, aurreko edizioko kategoria nagusiko irabazleak, sari horren ondoriozko lanak aurkeztu ditu gaurko prentsaurrekoan. Bilbon egoitza duen Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatutako rock alternatiboko laukoteak ‘Your Tax Money’ izeneko bost kantuko EPa grabatu du eta, aldi berean, Victoria Ladrón de Guevarak eta Xabi Diazek zuzendutako ‘A Change In Your Heart’ abestiaren bideoklipa aurkeztu du. Era berean, Silkat-ek, Hego Uribeko talderik onena 2025eko Rockeinen, ‘Sip Of Joy’ abestiaren bideoklipa kaleratu berri du, Adrián Lorenzok eta Asier Marlezak zuzendua eta lehiaketan lortutako sariaren ondorioz ekoitzia. Rockeinek 2013an ekin zion bere ibilbideari, talentu musikal berria detektatzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko beste lehiaketa batzuen lekukoa hartuz. Aurreko egitasmoetako sariei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehitu zien, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzea errazteko. Urteen poderioz, Rockeinen sariak hobetzen joan dira, eta lehiaketak MAZ Basauri musika-zikloarekin duen lotura finkatu da, biak ere Basauriko Udalak sustatuak. 2025ean 196 talde eta bakarlarik eman zuten izena lehiaketan. "Basauriko Udala duela hamahiru urte Rockein antolatzen hasi zenean, zaila zen pentsatzea hain modu apalean abiatu zen lehiaketa batek urtean ia 200 parte-hartzaile izatea eta Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtzea. Hamar urtez jarraian parte-hartze markak hobetu dira. Maila profesionalean musika-ibilbideak garatzea lortu duten hainbat irabazle izan ditugu. Iazko irabazle guztiek gaztetasuna eta kalitatea izan zituzten komunean. Hego Uribeko proiektuak hogeita hamarren bueltan egon ziren berriz ere, eta 47 artista euskarazko artistarik onenaren sarirako hautagai izan ziren. Emakumeek lehiaketan parte har dezaten eta finalera etor daitezen sustatzeko lanean jarraitzen dugu; baita musikaren sektorean euren presentzia handitzeko ere. Basauriko Udalak, Marieneak, MAZ Basaurik eta Rockeinek ‘Emakumeak eta musika-industria’ urteroko hirugarren topaketa sustatuko dute 2026an, eta 2025ean saritutako bost proposamenetako bi emakume bakarlarienak izan ziren: Alas Glow eta Laztana Laztanarenak, hain zuzen ere. Hamahiru urte geroago, Rockein etengabeko hobekuntza eta hazkundea garatu duen proiektu indartsua eta osasuntsua dela esateaz harro gaude ", adierazi du prentsaurrekoan Basauriko alkate Asier Iragorrik. Bestalde, Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, honakoa nabarmendu du: "Rockeini babesa emateko etapa berri honen oso balorazio ona egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailean. 2025ean 129 proiektu izan ziren Bizkaia saria irabazteko hautagai, parte-hartzaile guztien %65. Eta %24ak euskarazko proposamen onenaren saria irabazteko aukera izan zuen. Bizkaia Sariaren bidez bost abestiko EP baten grabazio profesionala egiteko ematen dugun aukeraz gain, Rockeinen beste indarguneetako bat MAZ Basauri bezalako festibal batean jotzeko aukera da. Bi programen arteko loturak talde eta bakarlari berrientzako erakargarrienak diren ekarpenak egiten dizkio lehiaketari: abesti berriak grabatzeko, bideoklipak ekoizteko eta musika-ziklo entzutetsu baten barruan zuzenean jotzeko aukera, alegia. Hala ere, saritutako artistek egiten diote Rockeini aintzatespenik onena, ia urtebeteko ziklo batean lehiaketaren arduradunekin harreman profesionala mantendu eta gero. Edizio honek berriz ere musika-proposamen berri asko ekartzea espero dugu, eta, beste behin, horietako batzuk ibilbide profesional luze baten lehen urratsak ematen hasteko bultzada suposatzea". PARTE HARTZEKO BALDINTZAK -Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) edo Nafarroan jaiotako edo bertan bizi den taldekide bat izatea, gutxienez. -Hego Uribeko artistarik onenaren saria eskuratu ahal izateko: Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugao-Miraballesen, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez. -Bizkaia saria eskuratu ahal izateko: Bizkaian erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez. -Eskarabilera saria eskuratu ahal izateko: taldeko kideen %50a gutxienez emakumeak izatea. -Taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea. -Izena emateko unean ez izatea disko bat baino gehiago argitaratuta, kontratu diskografiko bati lotuta dagoen edo ez kontuan hartu gabe. -Abestiak originalak izatea. -Musika-estilo guztiak onartzen dira -Aurretik Rockeinen izena emandako talde guztiek edizio berri honetan parte hartzeko aukera dute, baldin eta aurrez aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Dagoeneko irabazle izan diren taldeek ez dute sarituak izan ziren kategoria berean errepikatzeko aukerarik izango. JOKOAN DAUDEN SARIAK: Kategoria nagusiko artistarik onena -EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea Bilboko El Tigre estudioetan -Bideoklip profesional bat grabatzea -Kontzertua MAZ Basauri festibalean Hego Uribeko artistarik onena -Bideoklip profesional bat grabatzea -Kontzertua MAZ Basauri festibalean Bizkaia saria -EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea Bilboko El Tigre estudioetan -Kontzertua MAZ Basauri festibalean Euskarazko artistarik onena -Kontzertua MAZ Basauri festibalean Eskarabilera saria -Kontzertua MAZ Basauri festibalean

Ikusi jatorrizko iturrian