
San Juan Gaua 2026, Bermeon
San Juan Bezperako kalejira 21:00etan hasiko da Gizarte eta Kultura Etxean. Bertan elkartuko dira kalejiran parte hartuko duten herriko taldeetako kideak: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, KIETB Erraldoi Txikien Konpartsa, Antortxeroak (Gaztelugatxe Danborrada Taldea eta Erraldoien Konpartsa), Kankinkabara Txistu Taldea, Ttakuntxo Txalaparta Taldea, irrintzilariak, adarjoleak, Kanta Kanta Lorue, Arrekatxutxa eta hainbat boluntario. Kalejira Gizarte eta Kultura Etxetik abiatu ostean, Talaranzko, Aurrekoetxea, Baztarre, Santa Klara eskailerak, Portuzarra, Lamera, Hurtado Mendoza Kardenalaren aldatsa, Talaranzko, Gizarte eta Kultura Etxea, Irakaskintza, Sanjuanportale eta Doniene zeharkatuko ditu, Goiko plazan amaitzeko. Ibilbidean zehar sei geldialdi egingo dituzte, eta horietan parte-hartzaileek abestiak, dantzak eta herri kulturaren bestelako adierazpenak eskainiko dituzte. Goiko plazara iristean, txalapartaren doinuek eta irrintziek emango diote hasiera unerik berezienetako bati. Ondoren, San Juan sua piztuko da, urteko gau sinbolikoenetako bati jarraipena emanez. Segurtasuna bermatzeko, Herri Babesako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorriko kideak arituko dira zaintza lanetan. Bermeoko Udalak Goiko plazako auzokideen lankidetza eskatu du segurtasun neurriak behar bezala bete daitezen. Hala, balkoietako ate eta leiho guztiak ixtea, pertsianak jaistea eta kamaretako argizuloak ondo itxita daudela egiaztatzea gomendatu du. Era berean, ezingo da balkoi edo terrazetara irten sua guztiz amaitu arte. Aurtengo San Juan jaietako berrikuntza nagusia Gaztelugatxe Zentroaren irekiera izango da. Ekainaren 23an bertan zabalduko ditu ateak zentro berriak, Bermeoko Alde Zaharrean, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zen Sanjuanportaletik metro gutxira. Espazio berriak Gaztelugatxeko itsas ondarea, natura eta historia modu interaktibo eta irisgarrian ezagutzeko aukera eskainiko du. Bisitariek monumentu naturalaren historia, herri identitatea, tradizioak eta ingurune naturalaren balioa sakonago ezagutzeko aukera izango dute bertan. Gaztelugatxe Zentroa ekainaren 23tik irailaren 30era egongo da zabalik. Lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara zabalduko da; domeka eta jai-egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an zarratuta egongo da. San Juan Eguna Gaztelugatxen Ospakizunek ekainaren 24an izango dute jarraipena, San Juan Egunean. Ohiturari eutsiz, herritar eta bisitari ugari Gaztelugatxeko San Juanera igoko dira. Bertan lau meza ospatuko dira: 06:30ean, 07:30ean, 08:30ean eta 12:00etan.
Ikusi jatorrizko iturrian →