Zerdago
← Itzuli agendara
OPEN Bilbao arkitektura-jaialdia 2026 (Open House Bilbao 2026)
Jaiak eta jaialdiakKulturklik

OPEN Bilbao arkitektura-jaialdia 2026 (Open House Bilbao 2026)

2026(e)ko irailaren 28(a), astelehena → 2026 urr. 4(a)

Bilbo, Bizkaia

Reserva

OPEN Bilbao arkitektura-jaialdia —lehen OPEN HOUSE Bilbao izenez ezagutzen zena— hamargarren ediziora iritsi da 2026an, eta lehenengo edizioko helburu berari eusten dio: arkitektura eta hirigintza herritar guztiei hurbiltzea, eta, aldi berean, hiria osatzen duten espazioei begiratzeko eta haiekin harremanak izateko modu berriak proposatzea. Hala, lehenengo hamarkada hau ospatzeko, aurtengo programak mugarri bat ezarriko du; izan ere, guztira 101 espazio ireki izango ditu, orain arteko kopururik handiena.Bisita gidatuak urriko lehenengo asteburuan egingo dira, hilaren 3an eta 4an, zapatuan eta domekan. Hala ere, jaialdiak, azkenengo edizio bietan bezala, aste osora zabalduko du programazioa, eta jarduerak irailaren 28tik (astelehena) aurrera egingo dira. OPEN JARDUEREN ASTEA Bilboko Udala, Hiri Plangintzarako Sailaren bitartez, aurten ere izango da OPENen babesle nagusia. Edizio honek gure inguruneak eraikitzen dituzten material, lanbide eta prozesuetan jarriko du arreta, eta aztertuko du materialak nondik datozen, nola eraldatzen diren, prozesu horietan nortzuk parte hartzen duten eta zer lotura sortzen diren arkitekturaren, lurraldearen, memoriaren eta identitatearen artean. Hamargarren urteurrena aukera ederra da urte hauetan egindako ibilbideari balioa emateko; ibilbide horretan, hainbat espazio ireki dira, eta elkarrizketak eta topaketak egin dira herritarren, arkitekturaren eta hiriaren artean. OPENek, lortutakoaren ospakizun gisa ez ezik, bere etorkizunari buruz hausnartzeko eta arkitektura gizartera hurbiltzeko moduak zabaltzen jarraitzeko aukera gisa ere planteatzen du hamargarren edizio hau. Programa, aurreko edizioetan bezala, parte hartzeko eta esperimentatzeko gonbidapen gisa funtzionatzen duten zenbait aditzen inguruan egituratzen da: oinez ibili, ikusi, jolastu, diseinatu, solasean aritu, marraztu, bisitatu eta idatzi. Ekintza horiek programa bat eratzen dute, eta programa horretan, hiri-ibilbideak, bisitak, tailerrak, erakusketak, elkarrizketak eta hainbat publikori zuzendutako proposamenak konbinatzen ditu. Edizio honetako proposamenen artean, honako hauek daude: Zorrotzaurren egingo den Hiri Safaria, Bilboko arkitektura arrazionalistaren inguruko ibilbidea, “Egin, Hegan, Bigun” biomaterialen tailerra, Begoñako puntan egingo den “Eraikin Poetikoa” poesia-tailerra, La Perrera udal-eraikinean izango den “Vigilantes de La Perrera” erakusketa, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan egingo den “Tomás Bilbao por Tatiana Bilbao” erakusketako bisita gidatua. Programak familientzako jarduerak eta parte hartzeko proposamenak ere jasotzen ditu, hala nola “Cuadrar, Triangular, Circular” tailerrak, leku batean baino gehiagotan antolatuak: BBK Kunan, Lepanto plazan eta Casilda Iturrizarren. Jarduera horien bidez, arkitektura, espazio publikoa eta hiria haurrei eta familiei hurbilduko zaizkie ibilbideen, ipuinen, jolasaren eta esperimentazioaren bidez. Halaber, “Entre la mancha y la línea” urban sketching tailerra egingo da, marrazketa tresna gisa erabiliko duena hiria beste ikuspegi batetik behatzeko eta ezagutzeko. Jarduera horietan guztietan parte hartzeko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da www.openhousebilbao.org webgunean. Izen emateak bihar, irailak 23, irekiko dira egunean zehar. 101 ESPAZIO IREKI EZAGUTZEKO Hamargarren edizio honen erakargarritasun nagusietako bat OPEN espazioen katalogoa izango da berriro ere, 101 eraikin eta lekutara iristen dena eta aurreko edizioen aldean 19 berritasun gehitzen dituena. Eraikin horiek urriaren 3ko eta 4ko asteburuan irekiko zaizkie herritarrei. Proposamenak Bilboren eta haren inguruaren aberastasun eta aniztasun arkitektonikoaren lagin zabala eskaintzen du.Barne hartutako espazioen artean askotariko eraikin eta lekuak daude, hala nola Bilboko Udala, Arriaga Antzokia, Chávarri Jauregia, Euskalduna Jauregia, Azkuna Zentroa, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Artxandako Funikularra, Abandoko Geltokia, Foru Liburutegia, Erriberako Merkatua, Bilbao Arena, Itsasmuseum, Bizkaia Dorrea, Udaltzaingoaren egoitza eta Suhiltzaileen egoitza, besteak beste. Zerrendak, halaber, egoitza-, industria-, hezkuntza-, kultura- eta arkitektura garaikideko espazioak ere biltzen ditu. Bisitetarako sarbidea doakoa izango da eta, kasu gehienetan, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Nahikoa izango da eraikinera joatea eta, ilararik badago, txandaren zain egotea. Bisitak 10 eta 30 lagun arteko taldetan antolatuko dira, eta gutxi gorabehera 20 eta 40 minutu arteko iraupena izango dute, espazio bakoitzaren arabera. BOSTEHUN BOLUNTARIO BAINO GEHIAGO Herritarren parte-hartzea jaialdiaren oinarrietako bat da berriro ere. 2017an hasi zenetik, OPENek ehunka boluntario ditu. Haiei esker ireki ahal izaten dira eraikin eta espazioak, eta bisitariei harrera egin eta laguntzen diete ibilbideetan. Hamargarren edizio honetan, 500 boluntariok baino gehiagok eman dute izena, baina oraindik ere badaude plaza batzuk libre. Parte-hartzea libre da herritar guztientzat, eta ez da beharrezkoa arkitekturari edo historiari buruzko aurretiazko ezagutzarik izatea. Ikasteko, partekatzeko eta kultura zabaltzen laguntzeko interesa izatea da baldintza bakarra. ANTOLAKETA OPEN jaialdia Open Urbanity elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldia da. Irabazi-asmorik gabeko tokiko elkartea da, eta hiri-berrikuntzako prozesuetan, arkitekturan eta Bilboko herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek osatzen dute. Bilbo Jaialdiak, halaber, instituzio, erakunde eta kolektibo laguntzaileen sare zabala du. Bilboko Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritza, BBK, EITB, Deustuko Unibertsitatea, EHU/UPV, Artxandako Funikularra, Metro Bilbao, Euskotren, ETS, TOParte Guggenheim Bilbao eta Punta Begoña Fundazioa daude, besteak beste. Open House aukera bat da herritarrek euren hiriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bitartez, arkitektura eta hirigintza ezagutzera ematen dira, haien zabalkundea egiten da, publiko zabal baten aurrean eta modu parte-hartzailean.