
"Trashumantes 2026"
2026(e)ko irailaren 24(a), osteguna → 2026 urr. 24(a)
ZAS Kultur Espazioa
Gasteiz, Araba
Zas Kulturrek “Trashumantes” proiektuaren bigarren edizioa aurkeztuko du irailaren 24an, ostegunean, 19:30ean. Tokiko artisten erakusketa hau Arabako herrietan barrena ibiltzeko sortu da. Ibilbideari ekin aurretik, Zasen egoitzan egongo da ikusgai, Gasteizko San Anton plazako 2. zenbakian, sarrera librearekin. Edizio honetan Cocina de Guerrilla, Oskar Alvarado, Gert Voor in’t Holt, Ariana RAC, Mikel de Quintana, Maider Varona eta Bildotsne Arrizabalagaren lanak bildu dira. Pieza guztiak maleta batean sartzen dira; maleta horrek proiektuarekin batera bidaiatzen du, eta erakusketaren parte ere bada. Proiektuaren izenak transhumantziari egiten dio erreferentzia: leku batetik bestera joatea, aldi batez bertan kokatzea eta bideari berriro ekitea. Kasu honetan, artelanek zeharkatzen dute lurraldea, formatu arin batean, muntatzeko eta desmuntatzeko erraza eta askotariko espazioetara egokitzeko modukoa. Piezak areto batean banatu daitezke, edo maleta irekitze hutsarekin erakutsi. Horrela, arte garaikidea erakusketa-azpiegiturarik edo baliabide tekniko handirik ez duten tokietara hurbildu daiteke. Geldialdi bakoitzean, multzoa lekuaren ezaugarrien arabera berrantolatzen da: obrak berberak dira, baina haien kokapena eta espazioarekin nahiz bertako biztanleekin sortzen duten harremana aldatu egiten dira. Proposamenek irudiarekin, materiarekin eta ingurunearekin lan egiteko hainbat modu biltzen dituzte. Gert Voor in’t Holtek, Herbehereetan jaio eta duela hamarkada batzuetatik Gasteizen bizi denak, argazkilaritzari eta hiri-paisaiaren behaketari lotutako ibilbide luzea du. Oskar Alvaradok “Where Fireflies Unfold” —“Ipurtargiak zabaltzen diren lekuan”— saileko bi irudirekin parte hartzen du; Bildotsne Arrizabalagak, berriz, ilustrazioa eta irudi grafikoa ditu lan-eremu. Ariana RACek diziplinaz gaindiko praktika garatzen du, eskultura, metala eta esku-hartzea erabiliz materia eta espazioen eraldaketa aztertzeko. Maider Varona, Arte Vital 2025 lehiaketako irabazlea, Arabako emakume sortzaileen belaunaldi berri baten parte da. Hautaketa osatzen dute Mikel de Quintanak, diseinuari eta ikusizko sorkuntzari lotutakoak, eta Cocina de Guerrillak, Rubén Castillejo Argoteren proiektuak, egungo gatazkei begirada kritikoz heltzen dienak. “Trashumantes” Zas 2026 deialdien parte da. Deialdi horiek jaiotzaz, bizilekuz, ikasketaz edo lanbide-jardueraz Arabarekin lotura duten artistei eta kolektiboei zuzenduta daude. Hautaketan deialdi irekia eta zuzeneko gonbidapenak uztartu dira, proposamenen kalitatea eta argitasuna, bideragarritasuna, egokitzeko gaitasuna eta multzoaren oreka kontuan hartuta. Helburua da artelanak ohiko erakusketa-zirkuituetatik kanpo zabaltzea eta artisten, kultur eragileen eta tokiko komunitateen arteko topaketak sustatzea. Lehen edizioak Natalia Albéniz, Zirika, Marcos Ramos, Dorleta Ortiz de Elguea, Miriam Isasi, Anabel Quincoces eta Zigor Urrutiaren hamalau obra bildu zituen, eta Amurrioko La Casonan, Laudioko KulturLaben eta Zigoitiko Zentro Soziokulturalean izan zen. Orain, bigarren maleta bat Arabako bideetan barrena ibiltzeko prestatzen ari da. Lehen geldialdia Zas Kultur izango da, eta bertan ikusi ahal izango da irailaren 24an, ostegunean, 19:30etik aurrera.