Zerdago
← Itzuli agendara
Sortzaileak Basora Zikloa 2026: Utopikoak + Nerbio Bulkada
MusikaesKulturklik

Sortzaileak Basora Zikloa 2026: Utopikoak + Nerbio Bulkada

2026(e)ko urriaren 8(a), osteguna

Galdakao

Gratis

Galdakaoko Udalak tokiko sortzaileei elkartzeko eta euren lana zabaltzeko gune bat eskaintzeko martxan jarritako ‘Sortzaileak Basora’ kultur zikloa bihar, osteguna, hasiko da Elexaldeko igerilekuetan dagoen Basoa Tabernan programazio berri batekin. Maiatzean eta ekainean izandako lehen esperientziaren ondoren, Udalak jarraipena emango dio udazken honetan tokiko sorkuntza herritarrengana formatu hurbil, partehartzaile eta desberdin batean gerturatzea helburu duen ekimenari. Oraingoan, ‘Sortzaileak Basora’ zikloak bost jardunaldi izango ditu urrian, hilaren 1ean, 8an, 15ean, 22an eta 29an. Musika izango da berriro ere programazio berri honetako protagonista, eta guztira hamar talde eta artista bilduko ditu, horietatik zortzi Galdakoztarrak. Aniztasuna izango da zikloaren ezaugarrietako bat, bai musika proposamenei dagokienez, bai agertokira igoko direnen profilei dagokienez. Rocka, musika akustikoa, bakarlarien proposamenak eta punka izango dira entzungai, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta belaunaldi desberdinetako partehartzaileak izango dira, gazteetatik hasi eta heldu eta nagusietaraino. Gainera, parte hartuko duten taldeetako bi emakumez soilik osatuta daude. Ostegunero bi emanaldi izango dira: lehena 19:30ean eta bigarrena 20:15ean, eta guztiak doakoak izango dira. Programazioa ostegun honetan, urriaren 1ean, hasiko da, Rollito acústico taldearekin, 19:30ean, eta Erielekin, 20:15ean. Urriaren 8an, Utopikoak eta Nerbio Bulkada izango dira protagonista; urriaren 15ean, Haizea Roldán eta Jona Expósito; urriaren 22an, Nudo Norte eta Sonic Free Station arituko dira; eta zikloa urriaren 29an amaituko da, Buzkentza eta Azken geltokian taldeen emanaldiekin. Galdakaoko sorkuntzarentzako erakusleihoa ‘Sortzaileak Basora’ ekimena Basoa Taberna tokiko sortzaileentzako topagune bihurtzeko helburuarekin sortu zen, euren lana publikoarekin zuzenean partekatzeko aukera izan dezaten. Lehen programazio hauetan musikak protagonismo berezia izan duen arren, ekimena hainbat kultur diziplinari lekua egiteko pentsatuta dago, hala nola literaturari, bertsolaritzari edo bakarrizketei. Proiektuaren bereizgarrietako bat, hain zuzen ere, garatzen den espazioa da. Basoa Taberna naturaz inguratutako ingurune batean dago, eta horrek artisten eta publikoaren arteko harreman hurbilagoa sustatzen du, kultur proposamenez giro lasai eta atseginean gozatzeko aukera eskainiz. Bigarren programazio ziklo honekin, Galdakaoko Udalak jarraipena emango dio udalerriko kultur eskaintza zabaltzea eta, bereziki, herrian bertan sortutako sorkuntzari aukerak eta ikusgarritasuna eskaintzea helburu duen formatuari. Galdakaoko zortzi proposamenek, ordezkatutako estilo, hizkuntza eta belaunaldien aniztasunarekin batera, ‘Sortzaileak Basora’ ekimenaren izaera lokala, irekia eta anitza indartzen dute. Azkenik, aipatu beharra dago ekimenak jarraipena izango duela etorkizunean, tokiko sorkuntza ezagutarazteko eta balioan jartzeko espazio bat eskaintzen jarraitzeko helburuarekin. Etorkizuneko programazioetan parte hartu nahi duten Galdakaoko artistek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte Udalak deialdi berria zabaltzen duenean; horren berri ohiko udal komunikazio kanalen bidez emango da.