Zerdago
← Itzuli agendara
Kulturarteko dantza jaialdia (Oberena Dantza Taldea)
Jaiak eta jaialdiakKulturklik

Kulturarteko dantza jaialdia (Oberena Dantza Taldea)

2026(e)ko urriaren 10(a), larunbata

Iruñea, Nafarroa

Gratis

Kulturarteko dantza jaialdi bat antolatuko du Oberenak Iruñeko Arrosadia auzoan, urriaren 10ean. Dantza taldearen 85. urteurrena ospatzeko azken ekitaldia izango da, eta Palestinako, Boliviako, Ekuadorko eta Kataluniako dantzak ikusgai izango dira, euskal dantzekin batera. Watani Group, Ball de Bastons del Clot, Tinkus San Simón eta Ballet Floklórico Raíces Andinas taldeak arituko dira oholtza gainean Oberenako dantzariekin batera. Jaialdia 12:00etan izango da, Felixa Munarriz plazan, baina aurretik kalejira egingo dute auzoko kaletatik barrena, 11:30ean Oberenatik abiatuta. Herrialde Katalanetatik doan taldea kenduta, gainerakoak ez dira jatorrizko herrialdeetatik etorriko, baina taldeko kide gehien-gehienak herrialde horietatik etorritakoak dira edo herrialde horietan sustraiak dituzte. Tinkus San Simón taldea Iruñekoa da, Ballet Floklórico Raíces Andinas Tuteratik doa, eta Watani Group taldeak Madrilen du egoitza. Emanaldia bukatuta bazkaria egingo dute Zabaldi elkartean, eta bazkalondoa luzatu egingo da elkarri dantzak erakutsiz eta elkarrekin dantzan arituz. Hori izangoda parte hartzaileen arteko harremanak estutzeko unea. Arrosadia auzoan jatorri eta kultura askotako jendea bizi da, eta horrek bultzatu du Oberena kulturarteko jaialdi bat antolatzera. Aurretik ere zenbait egitasmo egin ditu auzoko beste talde batzuekin, tartean baita emanaldiak ere. Jaialdiak kultur aniztasunari gorazarre egin nahi dio, geroz eta zabalduago dauden diskurtso erreakzionario eta arrazistei buru egin, eta dantzak kulturen arteko trukean eta batasunean joka dezakeen rola nabarmendu.