Zerdago
← Itzuli agendara
Folkirrika 2026
Jaiak eta jaialdiakesKulturklik

Folkirrika 2026

2026(e)ko urriaren 9(a), ostirala → 2026 urr. 12(a)

Kuartango

Consultar

Kuartangok Folkirrika jaialdiaren bosgarren edizioa hartuko du 2026ko urriaren 9-12 bitartean. Balfolkaren bueltan ardaztutako jaialdian, besteak beste, dantza eta musika ikastaroak, kontzertuak eta jam saioak egongo dira. Parte hartzeko izena eman behar da www.folkirrika.eus webgunean. Izen bereko elkarteak bultzatutako Folkirrika jaialdiak, Europako hainbat lurraldetan hain zabalduta dagoen “Balfolk” dantzaldi eredua Euskal Herrian ezagutaraztea eta gozaraztea du xede. Bosgarren edizioa du jaialdiak iada, eta aurreko urtean bezala, oraingo honetan ere Araban ospatuko da, Kuartango Lab-en, hain zuzen ere. Urriaren9ko arratsaldean hasi eta 12ra arte iraungo du. Bertaratutakoek programa erakargarri eta mamitsuaz gozatzeko aukera izango dute, ikastaro, kontzertu eta musika saio ireki ugarirekin. Jaialdiari hasiera emateko, bi ikastaro proposatuko dira ostiral arratsaldean: batetik, balfolk jaialdietako dantza ohikoenen oinarrizko ikastaro bat, eta bestetik, Portugaleko dantzen ikastaroa. Gaueko dantzaldian bi musika talde arituko dira jotzen, Madriletik zein Frantziatik etorriak. Lehenik eta behin, “Plan B” bikoteak girotuko du gaua, bere akordeoi, kitarra, kalinba, sintetizadore eta abarrekin; ostean “Tralala lovers” bikote frantsesak jarraituko du instrumentu ugariz zein ahotsez lagundutako errepertorio anitz bezain dantzagarria eskainiz. Larunbatean yoga saio batekin ekingo zaio egunari. Ondoren, askotariko dantza ikastaroak egongo dira: Jota eta charro, Balkanetako dantzak, munduko jolas-dantzak, mutildantzak, Etxekoparren branleak, umeekin datozen familiei zuzendutako ikastaroak... Arratsaldeko azken orduan, “Ortzadar fanfarre”-aren eskutik plaza-dantza batez gozatzeko aukera egongo da, eta gauean, dantzaldi berria beste bi talderekin. Hamaika emakumez osaturiko “Bahez”-ek zabalduko du emanaldia, bere ahots zein panderoekin Euskal Herrian errotutako errepertorioa eskainiz, eta ondoren, “Feather and Fox” bikote belgo-alemaniarrak hartuko du lekukoa mandolin eta biolontxeloaz lagundutako doinu goxoekin. Igandea yoga eta dantza ikastaro gehiagorekin abiatuko da baita ere. Oraingo honetan bourreak, fandango eta arin-arina, Italiako dantzak, bikote dantzetan konexioa lantzeko teknikak, familiei zuzendutako ikastaroak... Arratsaldea, “Quico Pugès eta Arkaitz Miner” bikoteak eta “Azido folkloriko” taldeak girotuko dute. Lehenengoek, Euskal Herriko eta Kataluniako tradizioko musikak defendatuko dituzte biolin eta biolontxeloaz lagunduta, bigarrenek plaza-dantza herrikoia egingo duten bitartean. Eta gauean, aurreko bi egunetan bezala, dantzaldia izango da beste bi talderen eskutik: alde batetik, saxofoi eta akordeoia nahasten dituen “Rhizottome” bikote frantsesa, eta bestetik, Italia eta Suitzatik datorren “Sol do” izeneko akordeoi-duoa. Astelehen goizean, hainbat dantza ikastaro egoteaz gain, “talent show” bat proposatuko da nahi duen parte hartzaile orok, libreki, bere dohain artistikoak elkarbanatzeko. Azkenik, jaialdiari itxiera emateko, azken dantzaldi bat egongo da “Dj Yuri”-ren eskutik. Gainera, gauero, dantzaldiak bukatzerakoan, jam saioak egingo dira edozein musikarik bere instrumentuarekin parte har dezan. Zer da "Balfolk"a? Musika eta dantzaren arteko topaketa bat da, Europako lurraldeezberdinetako tradizioan oinarritzen dena, betiere berrikuntzarako ateak zabalik mantenduz. Adin guztietako jendea elkarrekin dantzatu, disfrutatu, ikasi, elkar ezagutu, sortu eta elkarbanatzeko festa bat da. Dantzen oinarrizko urratsak erraz ikasten dira, eta hortik aurrera ñabardura eta elkarreragin amaigabeen mundu bat zabaltzen da. Zuzeneko musikaz lagundua, tradiziotik edanez, fusio edo sorkuntza berriei uko egin gabe. Informazio praktikoa: Lo egiteko aukera egongo da horretara egokitutako gela handi batean, norbere estera eta zakuarekin. Kanpin denda jartzeko espazioa ere izango da. Aparkatzeko aukera dago, baita furgonetak ere. Jaialdi osoaren prezioa: 130 euro. Ostirala soilik: 35 euro. Larunbat osoa: 50 euro. Larunbateko dantzaldia soilik: 35 euro. Igande osoa: 50 euro. Igandeko dantzaldia soilik: 35 euro. Astelehena soilik: 20 euro. Jaialdian parte hartzeko, izena eman behar da www.folkirrika.eus webgunearen bidez. Inguruan bi jatetxe daude. Bestalde, mahai zein aulkiak eskainiko dira norberak bere janaria ekarri eta bertan jateko. Umeentzat egokitutako espazio bat eskainiko da eta beraiei zuzendutako ekintzak proposatuko dira larunbat zein igande goizean. Folkirrika 2026: egitaraua (jpg)