Zerdago
← Itzuli agendara
"Bidaia kaierak", Pedro Canoren erakusketa
ErakusketaKulturklik

"Bidaia kaierak", Pedro Canoren erakusketa

2026(e)ko irailaren 9(a), asteazkena → 2026 urr. 28(a)

Bizkaia Aretoa

Bilbo, Bizkaia

Irailaren 9an ere, arratsaldean, irekiera ekitaldia izango da 18:30ean, Baroja aretoan, eta Pedro Cano margolari murtziarrarekin solasaldian arituko da Bilboko Arte Ederretako zuzendari Miguel Zugaza "Hitzezko eta kolorezko bidaiak museoan" izenburupean. EHUkultura Bizkaiko zuzendari eta EHUko irakasle Irati Agirreazkuenagak gidatuko du solasaldia. Erakusketa Oteiza erakusgelan jarriko da eta areto horixe bilakatuko da urritik aurrera EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleek sortutako artelanen agerleku. Izan ere, aspaldiko aldarrikapena izan da Fakultateak Bilbon erakusketa aretoa erabiltzeko aukera izatearena. Bertan egingo diren erakusketak antolatzeko batzorde bat osatuko da eta batzorde horrek urteroko programazioa egingo du. Aurre-ikusitakoaren arabera, ikasleei, irakasleei eta ikerketa taldeei ikusgarritasuna emateko pentsatuta dago. Fakultatean artearen inguruan ikertzen dena erakustea izango da helburua. Era berean, ikasleen ekoizpenak aberasteko dinamikak ere jarri nahi dira martxan, inguruko Guggenheim eta Arte Ederren museoarekin elkarlanean. Hala, Pedro Canoren erakusketa eta bisita Arte Ederretako eta Arkitekturako ikasleen praktika aberasteko baliatuko da, haren Bidaia kaieretan oinarritutako piezak sortzeko erronka jarriko baitzaie. Ondoren, ikasleek sorturiko artelanen erakusketa egingo da Oteiza erakusgelan ikasturtearen bigarren lauhilekoan. Pedro Cano (Murtzia, 1944) margolariak ibilbide luze eta nazioartekoa egin du bere jardunean. Bere biografiaren, erakusketaren eta bibliografiaren berri luze eta zabala jasotzen du Pedro Cano Fundazioaren webguneak. Hamaika urterekin hasi zen margotzen, eta hemeretzi urte bete zituenean Madrilera joan zen, San Fernando Arte Ederren Goi Eskolara. 1969an, oposizio bidez lortutako beka bati esker, hiru urtez egon zen Erromako Espainiar Akademian. Aldi hori amaitu ondoren, Anguillarara joan zen bizitzera, Erroma kanpoaldeko herri txiki batera; gaur egun ere han bizi ohi da Italian dagoenean. Europako eta Amerikako erakusketa-areto publiko zein pribatu ugaritan erakutsi du bere lana, eta bere obrak Vatikanoko Museoan, Florentziako Uffizi Galerian eta Dallaseko Meadows Museoan daude. 1980ko hamarkadan bost urtez bizi izan zen New Yorken, baina ez dio inoiz utzi Murtziako probintzian dagoen bere herrira maiz itzultzeari.