
Basque Dok Festival 2026
2026(e)ko urriaren 27(a), asteartea → 2026 aza. 2(a)
Bilbo, Bizkaia
Basque Dok Festival 2026k nazioarteko dimentsioa indartzen du, argazkigintza eta ikusizko kultura garaikideko erreferentziazko programazioarekin VII. edizioak, urriaren 27tik azaroaren 2ra, Erik Kessels, Matthew Genitempo, Ebrahim Alipoor eta Julia Mejnertsen bezalako izenak bilduko ditu, argazkigintzarekin, ikus-entzunezkoekin eta ikusizko narratiba berriekin lotutako beste hainbat egile eta nproiekturekin batera. Jaialdiko online leihatila urriaren 5ean irekiko da, 10:00etan, eta urriaren 12an jakinaraziko da Basque Dok Saria 2026 jasoko duen pertsona. Edizio honetan, programazioa zabaldu eta, bereziki, jaialdiaren nazioarteko dimentsioa indartuko da. EHUk antolatutako jaialdiak astebeteko topagunea proposatzen du argazkigintza garaikidearen, ikusizko pentsamenduaren, ikus-entzunezkoen eta irudikapen-modu berrien inguruan. "404 IMAGES NOT FOUND" lelopean, edizio honek saturazio bisualari, irudien desagerpenari, artxibo digitalen hauskortasunari eta irudien bidez memoria eraikitzeko moduari buruzko hausnarketa proposatzen du. Programak ikuspegi dokumentalak, narratiboak eta esperimentalak uztartzen ditu, jaialdiaren izaera hurbila mantenduz eta artisten, profesionalen, unibertsitateko ikasleen eta herritarren arteko zuzeneko topaketa sustatuz. BDF 2026ren balio nagusietako bat gonbidatuen kalitatea eta aniztasuna izango da. Programan, besteak beste, Erik Kessels izango da, artista, komisarioa eta ikusizko kultura garaikidearen eta argazki-artxiboaren nazioarteko erreferenteetako bat; Matthew Genitempo, argazkigintza garaikidearekin, ikusizko narratibarekin eta fotoliburuarekin lotutako argazkilari estatubatuarra; Ebrahim Alipoor, argazkilari dokumentala eta narratzaile bisual kurdua; eta Julia Mejnertsen argazkilari daniarra, naturaren, identitatearen eta boterearen arteko harremanak lantzen dituen lana duena. Haiekin batera parte hartuko dute Ofelia de Pablo eta Javier Zurita, Ana Palacios, Clara Oriol, Marta Gonzalez, Leila Forés, Juanan Requena, Markel Redondo eta Jose Muniain, baita prestakuntza- eta ikus-entzunezko esparruetatik datozen hainbat proiektu kolektibok eta proposamenek ere. Hitzaldiek, aurkezpenek, tailerrek, elkarrizketek, portfolioen berrikuspenek eta fotoliburuarekin zein ikus-entzunezkoekin lotutako jarduerek osatuko dute aste osoan zehar banatutako programazioa. Ekosistema gisa eraikitako jaialdia 2026ko edizioak Basque Dok Festival ikusizko kulturarekin lotutako lankidetza-ekosistema gisa ulertzeko ideia ere indartzen du, unibertsitatea, kultura-erakundeak, sorkuntza garaikidea eta herritarrak elkartuz. Programazioa hainbat egoitzatan garatuko da: Bizkaia Aretoa, San Telmo Museoa, BilbaoArte eta Blackkamera, jaialdiaren presentzia Bilbo eta Donostia artean zabalduz. Eredu horri esker, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, portfolioen berrikuspenak eta ikus-entzunezko proiektuak izaera desberdina baina osagarria duten espazioetan elkarrekin garatuko dira. San Telmo Museoak, urriaren 27an eta 28an, Matthew Genitemporekin lotutako hainbat jarduera hartuko ditu, tartean portfolioen berrikuspenak eta hitzaldi bat. Horren bidez, jaialdiak fotoliburuarekin eta argazkigintza garaikidearen inguruko hausnarketarekin duen harremana indartuko du. BilbaoArte izango da jaialdiko beste gune nagusietako bat. Bertan egingo dira, besteak beste, Erik Kesselsen tailerra eta irudi hedatuari eta multimediari eskainitako amaierako jardunaldia, Markel Redondo, Jose Muniain, Kamanga Influencers Club eta CIFP Tartanga LHIIko Irudi eta Soinuko ikasleen proposamenekin. Blackkamera, berriz, portfolioen berrikuspenen eta Juanan Requenaren tailerraren egoitza izango da, lanerako espazio hurbilagoak eta parte-hartzaileagoak ere programan txertatuz. "Goals for Hope": erakusketa, argazkigintza eta konpromiso soziala Edizio honetako proiektu nagusietako bat "Goals for Hope" izango da, Ofelia de Pablo eta Javier Zuritaren proposamena, argazkigintza dokumentala, kirola eta gizarte-hausnarketa uztartzen dituena. Erakusketa urriaren 27tik azaroaren 16ra bisitatu ahal izango da, eta bere une nagusietako bat urriaren 29an, Bizkaia Aretoan, izango da, prentsaurrekoarekin, inaugurazioarekin, erakusketako ibilbidearekin eta mahai-inguru batekin. Proiektuak Athletic Club Fundazioaren parte-hartzea izango du, eta horrela, ikusizko kulturaren, kirolaren eta gizarte-eraldaketaren arteko elkarrizketarako beste eremu bat gehituko zaio jaialdiari. Erakusketak BBK Fundazioaren babesa izango du, aurtengo edizioa posible egiten duten erakunde eta entitateen ekosistemara beste eragile bat gehituz. Jaialdiaren aurreko bi data: urriaren 5a eta 12a Urriaren 5ean, 10:00etan, Basque Dok Festival 2026ko online leihatila ofizialki irekiko da. Bertan, publikoak sarrerak erosi eta izen-ematea behar duten jardueretara sartzeko aukera izango du. Astebete geroago, urriaren 12an, jaialdiak Basque Dok Saria 2026 jasoko duen pertsona jakinaraziko du publikoki. Saridunarekin egingo den topaketa eta sari-banaketa urriaren 31n, Bizkaia Aretoan, izango dira. VII. edizio honekin, Basque Dok Festivalek hazten jarraitzen du bere giza eskalari uko egin gabe: unibertsitatea, artistak, kultura-erakundeak, ikasleak eta herritarrak irudi garaikidearen inguruan elkartzen diren espazioa. Programa Basque Dok Festival 2026