
Euskadiko Filmategia: Klasikoak 2026 zikloa
2026(e)ko urriaren 7(a), asteazkena → 2026 abe. 19(a)
Gasteiz, Araba
Euskadiko Filmategiaren 2026ko Klasikoak sailak beste hamaika film emango ditu urritik abendura bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (Arte Ederren Bilboko Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect). Programa hori Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatua da. Irailean hasi zen José Giovanniri eskainitako atzerabegirakoarekin eta Zinemaldiaren Klasikoak sailarekin, eta datozen hiru hilabeteetan ere zinemaren historiako titulu handiak deskubritzen edo berrikusten jarraitzea proposatzen du. Zikloa urriaren 7an hasiko da Gasteizen Casablanca (Michael Curtiz, 1942) filmarekin. Klasiko horretan Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart dira protagonista, eta Euskadiko Filmategiak bere historian lehenbizikoz emango du. Programatutako hurrengo filma Safety Last! da -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), zinemako eszena ikonikoenetako bat duen pelikula: Harold Lloyd, Los Angeleseko eraikin bateko erlojuaren orratzetik zintzilik; ondoren, Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961) filma helduko da: herri batean elkarren kontra diharduten bandoetako bat hautatu beharko duen samurai baten erretratua; hurrengoa, El cebo (Ladislao Vajda, 1958), Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan proiektatuko dena eta neskato-hiltzaile suitzar ilun baten historia kontatzen duena. Lan horietaz aparte, beste zenbait klasiko ere izango dira ikusgai. Horien artean, Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929), zazpigarren artearen historiako titulu handienetako bat, Gloria Swanson protagonista duena eta amaitu gabe gelditu zena zuzendariaren eta antzezlearen arteko liskarren ondorioz; La amiga (Jeanine Meerapfel, 1988), Liv Ullman, Cipe Linkovsky eta Federico Luppirekin —bi protagonistek emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuten urte hartako Donostia Zinemaldian; Liv Ullmanek lehenbizikoz eraman zuen pantaila handira Maiatzeko Plazako ama bat, eta Jeanine Meerapfel zuzendaria izango da Donostiako eta Bilboko saioak aurkezten -azken hau Zinebiren lankidetzarekin antolatutako pasea da-; eta La ciociara (Dos mujeres, Vittorio de Sica, 1960), Alberto Moraviaren izen bereko eleberriaren bertsio zinematografikoa, zeinean Sophia Loren ikusiko baitugu alabarekin gerrako izugarrikeriatik ihes egin nahian. Aurtengo Klasikoak edizioak emakumezkoak protagonista dituzten lan gehiago ere programatu ditu: La reine Margot (La reina Margot, Patrice Chéreau, 1994), Isabelle Adjanik antzeztutako Margarita de Valoisen bizitza deskribatzen duen zinema historikoaren erakusgarririk onenetako bat; eta Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971), Norvegiako sistema judiziala eta polizia-ikerketa xehakatzen dituen filma. Azkenik, The Sugarland Express -Loca evasión- (1974) proiektatuko da, Steven Spielbergen opera prima, zeinean Goldie Hawn eta senarra legeari ihes egiten saiatuko baitira semea berreskuratzeko. Filma 2024ko Cannes Classics edizioan proiektatu zuten, eta, horregatik, Gerald Duchaussoy Programazioko zuzendaria gonbidatuko dute lan hori Donostian eta Bilbon aurkeztera. Euskadiko Filmategia: Klasikoak 2026 zikloaren egitaraua (pdf)