
"Montejurra 1976-2026: el trazo de la memoria"
2026(e)ko irailaren 26(a), larunbata → 2026 abe. 31(a)
Museo del Carlismo
Estella-Lizarra
Karlismoaren Museoak irailaren 26tik aurrera formatu txikiko aldi baterako erakusketa berri bat aurkeztuko du, "Montejurra 1976-2026: el trazo de la memoria" izenburupean. Erakusketa 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, eta erakundeak Nafarroako Komiki Azokarekin duen lankidetzaren barruan kokatzen da. Erakusketa bi artistek tragedia beraren aurrean duten begiradaren inguruan egituratzen da. 1976an, Joaquin Resanok (Iruñea, 1948) Montejurrako gertakarien mina eta zigorgabetasuna iruditan islatu zituen. Berrogeita hamar urte geroago, Nicolas Aznarezek (Washington D. C., 1984) garai hartako kronikak ilustrazio garaikidearen bidez berrinterpretatzeko erronkari heldu dio. Emaitza iraganarekin elkarrizketan aritzen den eta gure historiaz hausnartzera bultzatzen gaituen proposamen artistiko bikoitza da. Batetik, Joaquin Resanok 1976ko maiatza eta uztaila bitartean egindako hiru artelan daude ikusgai. Gertatutakoaren berri izan ondoren sortu zituen, eta Karlismoaren Museoaren bilduma iraunkorraren parte dira. Komikiaren hizkuntzaren eragina duen pop estetikaren bidez, Resanok gertakarien alderdirik eztabaidagarrienetako batzuk laburbildu zituen, hala nola indarkeria, ordena indarren konplizitatea edo pasibotasuna eta oligarkiaren lankidetza. Bestetik, bost hamarkada geroago, Nicolas Aznarezek bost ilustrazio egin ditu 1976an argitaratutako albisteetan oinarrituta. Haren irudiek gertakarien kontakizuna eta gaur egungo prentsako ilustrazio grafikoaren ikuspegia uztartzen dituzte. Garai hartako komunikabideek kontatutakoari zorrotz eutsiz eta bere lan-metodoari leial, Aznarezek gertakarietan sakontzen du ikuspegi bisualetik, teknika aldetik efektu handiko emaitza lortuz.