Zerdago
← Itzuli agendara
Bilboko Udal Txistulari Banda: 2026-2027 denboraldia
BesteKulturklik

Bilboko Udal Txistulari Banda: 2026-2027 denboraldia

2026(e)ko urriaren 7(a), asteazkena → 2027 api. 14(a)

Bilbo, Bizkaia

Gratis

Bilboko Udal Txistulari Bandak 2026-2027 denboraldirako prestatu duen kontzertu-programazioa aurkeztu du. “Soinu Zaharrak, Begirada Berria” izenburupean, ziklo berriak zortzi hitzordu proposatzen ditu eta tradiziora ikuspegi berritu batetik hurbiltzeko gonbita egiten du. Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia, Kultura ondokoa eta Bilbao Musikaren Zuzendaritza Kontseiluko presidentea, eta Gorka Zabaleta, Udal Txistulari Bandako zuzendaria, arduratu dira emanaldi zikloaren xehetasun guztiak azaltzeaz. Bilboko Udaletxean garatutako aurkezpenean izan dira, halaber, Ana Madariaga Bilbao Musikako zuzendari gerentea, eta txistulari boskotearen gainerako kideak. 2026ko urriaren 7tik 2027ko apirilaren 14ra bitartean, txistulari boskoteak Euskalduna Jauregia eta Campos Elíseos Antzokia txistuaren inguruko topagune bihurtuko ditu berriro. Horretarako, formazio tradizionala errepertorio berriekin, lengoaia eszeniko desberdinekin eta musika- zein arte-lankidetza sare zabalarekin uztartuko duen programazioa prestatu du. Guztira, bost kontzertu eskainiko dira Euskalduna Jauregian eta beste hiru Campos Elíseos Antzokian. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Denboraldi berriaren abiapuntua ideia nagusi bat da: musika-ondareari gaur egungo ikuspegitik begiratzea. Txistuaren historiari lotutako soinuak, formatuak eta errepertorioak berreskuratzea, eta, aldi berean, adierazpide berriei ateak zabaltzea. Horrela, programazioan lekua izango dute lehiaketetatik sortutako konposizioek, egungo emakume konpositoreen obra berriek, abesbatza-musikak, txistu eta piano formatuak, ahotsak, dantzak, zirkuak eta proposamen didaktikoek. Guztiek helburu bera partekatuko dute: txistuaren aukerak zabaltzea, haren nortasunari eta sustraiei eutsiz. FORMAZIO TRADIZIONALETIK LENGOAIA BERRIETARA Zikloa urriaren 7an, asteazkena, hasiko da Euskalduna Jauregian, “IDURIAK” emanaldiarekin. Proposamenak lehiaketetatik sortutako konposizioetan jarriko du arreta, eta Banda bere formazio tradizionalean entzuteko aukera eskainiko du. Denboraldiko lehen hitzorduak txistuaren berezko sonoritateak izango ditu abiapuntu, ondorengo saioetan instrumentua entzuteko, ulertzeko eta bizitzeko bestelako moduak aztertzen joateko. Bi aste geroago, urriaren 21ean, “KANTALDIA” iritsiko da. Oraingo honetan, Bandarekin batera ariko dira Maider Legarreta, ahotsean; Iñar Sastre, pianoan; eta Amaiur Cajaraville, baxuan. Ahotsaren eta instrumentuen arteko uztarketak emango dio forma gaualdiari, txistuaren tinbrea kantuarekin eta publikoarentzat gertukoa den musika-formatu batekin elkarrizketan jarriz. Gabonak ere izango du bere hitzordu berezia. Abenduaren 14an, Campos Elíseos Antzokiak GABONETAKO KONTZERTUA hartuko du. Bertan, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin batera ariko dira Bilbao Musikako abesbatzak, Maider Legarreta ahotsean eta Gorka Aginaga pianoan. Musikaren bidez Gabonetako giroaz gozatzeko pentsatutako proposamen korala izango da, eta, beste urte batez, Bilbao Musikaren inguruan sortzen diren komunitate artistiko eta hezitzaileen arteko loturak sendotzeko aukera eskainiko du. TXISTUAK ZIRKOA, PIANOA ETA SORKUNTZA BERRIAREKIN EGITEN DU TOPO Urte berriarekin batera, denboraldia Euskalduna Jauregira itzuliko da urtarrilaren 27an, “LORATZEN” ikuskizunarekin, programazioko proposamen berezienetako batekin. Oraingo honetan, Bandak txistuaren eta zirkuaren lengoaiaren arteko topaketa proposatuko du. Ikuskizuna Euskalduna Jauregiko Hall II aretoan izango da, eta musikaren eta lengoaia eszenikoaren arteko harremanak aukera bisual berriak eskainiko dizkio publikoari. Otsailaren 24an, Euskalduna Jauregiak “KLASIKOEN TXOKORA” hartuko du berriro. Agerraldiak txistuaren errepertorioan tradizio handia duen formatu bat berreskuratuko du: txistua eta pianoa. Bandarekin batera Iñar Sastre ariko da, taldearen ohiko kolaboratzailea eta tradizioa, sorkuntza eta egungo interpretazioa uztartzen dituzten hainbat proiekturi lotutako musikaria. Emakumeek sortutako musikak hartuko du protagonismoa martxoaren 8an, Euskalduna Jauregian. “UHARTEAK” izeneko kontzertuak emakume konpositore eta sortzaileen lana jarriko du erdigunean, eta Nerea Alberdi, Garazi Navas eta Garazi Zabaleta bezalako egileen moldaketak eta obra berriak eskainiko ditu, besteak beste. Emanaldian Musikeneko txistu ikasleek ere parte hartuko dute, baita Eriz Pérezek, gitarran, eta Amaiur Cajaravillek, baxuan, ere. Proposamenak txistuaren errepertorioa zabaltzea, sormen-ahots berriei lekua egitea eta belaunaldi desberdinetako interprete eta sortzaileen arteko topaketa sustatzea izango du helburu. EZAGUTZEKO, PARTEKATZEKO ETA OSPATZEKO MUSIKA Martxoaren 16an, Campos Elíseos Antzokiak “KONTZERTU DIDAKTIKOA” hartuko du, Lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako proposamena, musika jakin-minetik, jolasetik eta soinu-esperimentaziotik ezagutzeko. Bandak Trakamatraka konpainiaren lankidetza izango du, baita Eriz Pérez, gitarran, eta Amaiur Cajaraville, baxuan, ere. Musikara modu parte-hartzaile eta ludikoan hurbiltzea izango da hitzorduaren ardatz nagusia. Denboraldiari amaiera emateko hitzordua apirilaren 14an izango da, Campos Elíseos Antzokian, “EI, TXISTULARI!” ikuskizunaren edizio berri batekin. Diziplina anitzeko proposamenak euskal kultura bizitzeko eta transmititzeko hainbat modu bilduko ditu berriro oholtza gainean. Oraingo honetan parte hartuko dute Arratiako Koruak, Antzarte Dantzari Taldeak, Bilbao Musikako txistu ikasleek, Iñar Sastrek pianoan, Eriz Pérezek gitarran eta Amaiur Cajaravillek baxuan. Eider Zenarruzabeitiak ere parte hartuko du ikuskizunaren aurkezpenean. Musika, kantua eta dantza elkartuko dira, horrela, “Soinu Zaharrak, Begirada Berria” denboraldiaren espiritua laburbilduko duen amaieran: belaunaldiz belaunaldi eraikitako musika-ondarea gorde eta partekatzea, baina sorkuntzatik, lankidetzatik eta gaur egunera irekitako begiradatik abiatuta. Programazio berri honekin, Bilboko Udal Txistulari Bandak txistua euskal kulturaren ikur bizi gisa sustatzen jarraituko du, bere sustraiekin lotuta eta, aldi berean, bestelako estilo, diziplina eta belaunaldiekin bat egiteko gai den instrumentu gisa. Ezagunak diren soinuak beste modu batera entzuteko eta euskal kulturaren instrumentu adierazgarrienetako baten inguruan aukera berriak ezagutzeko denboraldia izango da. 2026-2027 denboraldiko ikuskizunei buruzko informazio zehatza www.bilbaomusika.eus webgunean kontsultatu ahal izango da. BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte. Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko. Taldeko kide bakoitzari buruzko informazio zehatzagoa: https://labur.eus/1BbFw