Zerdago
← Itzuli agendara
Zinebi 2026 - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia
Jaiak eta jaialdiakKulturklik

Zinebi 2026 - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia

2026(e)ko azaroaren 20(a), ostirala → 2026 aza. 27(a)

Bilbo, Bizkaia

Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI – Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiak 68. edizioaren kartela aurkeztu du, Jesús Mari Lazkano artistaren lana. Irudiak Francisco Durrioren "Arriagaren monumentua" hartzen du erreferentziatzat eta eremu zinematografikora eramaten du Euterpe, musikaren musa. Jaialdia Bilbon izango da, azaroaren 20tik 27ra. Omenaldia Bilboko bizitza kulturalarekin lotutako gertakari birekin dago lotuta. Alde batetik, Bilboko Arte Ederren Museoaren (Bilbao Museoa) zabalkuntza ireki da eta "Arriagaren monumentua" atari berriaren erdian dago. Bestetik, 2026an Juan Crisóstomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratzen da, eskultura eskaini zitzaion musikari bilbotarra. MUSIKATIK ZINEMARA Kartelean, irudiak urrezko tonua hartzen du, zazpigarren artearen trofeo ikoniko batzuk gogorarazten dituena, eta haren silueta zeru ilun baten kontra ebakitzen da. Euterpek jatorrizko eskulturan eusten duen liraren ordez, 16 mm-ko zeluloide-bobina bat jarri da. Aldaketa horrekin, Durrioren lanean musikak daukan lekua hartzen du zinemak. Osaerak figuraren protagonismoari eusten dio, eta arreta bere jarreran eta eusten duen objektuan jartzen da. Urrearen eta hondo ilunaren arteko kontrasteak areagotu egiten du haren presentzia: Euterpe harro eta irmo dago baina aldi berean erabat agerian dago. Tentsio horretan kokatzen da Lazkanoren proposamena. Irudiak zinema egiteak eskatzen duen indarra eta ahalegina gogorarazten ditu, obra ikusleari entregatzearekin eta edozein sorkuntza artistikoren berezko kalteberatasunarekin batera. Horrela, konpositorearen oroimena, Durrioren eskultura eta zinema-hizkuntza biltzen dira kartelean, ZINEBI 68rentzat egindako berrinterpretazioan. JESÚS MARI LAZKANO Jesús Mari Lazkano (Bergara, 1960) artistak arkitekturaren, paisaiaren eta naturaren arteko harremanak esploratzen ditu. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da, eta hango Pintura Sailean ere irakasle-lana egin du. Urdaibain bizi eta lan egiten du, eta bere lana Europako, Amerikako eta Asiako herrialdeetan aurkeztu du. Jakiundeko (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) akademiko osoa da. Bilborekin daukan harremanaren adierazgarri dira banakako erakusketak Bilboko Guggenheim Museoan 2007an eta Bilboko Arte Ederren Museoan 2010ean. Formatu handiko esku-hartzeak ere egin ditu Euskalduna Jauregian eta Metro Bilbaon. Bere lana ikus-entzunezkoen esparrura hedatu da "Artiko" filmarekin, paisaia artikoaren esplorazioari lotua. 2025ean, gainera, ZINEBI Animation Lab-en lehen edizioan hartu zuen parte.