
"Entretejidas/Sareginak" Antzerki Sorkuntzako Laborategia Arabako Errioxan
2026(e)ko urriaren 16(a), ostirala → 2026 abe. 5(a)
Labastida
Antolakuntzak jakinarazten du: Zehar-Errefuxiatuekin elkartetik, Entretanto Entretente elkartearen laguntzarekin, ENTRETEJIDAS / SAREGINAK Antzerki Sorkuntza Laborategia jarriko dugu martxan Guardian: antzerkiarekin esperimentatzeko, istorioak partekatzeko eta geure burua kontatzeko modu berriak aurkitzeko espazio bat. Laborategia “Entretanto Entretejiendo. Kulturarteko bizikidetzarako antzerkia” proiektuaren barruan kokatzen da. Arabako Errioxan garatzen den ekimena da, eta arte eszenikoak erabiltzen ditu jatorri eta ibilbide desberdinetako pertsonen arteko topaketa sustatzeko, aniztasuna bultzatzeko eta kulturarteko bizikidetza sendotzeko tresna gisa. Proiektuak, bereziki, pertsona errefuxiatuen, migratuen eta arrazializatuen parte-hartze kulturala sustatu nahi du, eta gure herrietatik abiatuta kontakizun kolektiboak sortu, estereotipoak zalantzan jartzeko eta aniztasuna komunitatearentzako aberastasun gisa erakusteko. Zertan datza laborategia? Sei saiotan zehar, 10 eta 15 pertsona arteko talde batek antzerki-sorkuntza kolektiboko prozesu bat garatuko du, norberaren esperientzia, oroitzapen, identitate eta istorioetatik abiatuta. Bizikidetzaz eta diskriminazioaz hitz egingo dugu, baina baita erresistentziaz, pertenentziaz eta itxaropenaz ere, bizipen horiek guztiak sormenerako eta eszenarako material bihurtuz. Prozesua Olfa Sendesnik gidatuko du. Diziplina anitzeko artista, aktorea, sortzailea eta kultura-bitartekaria da, eta migrazio-esperientzia propioa du Euskadin. Bere ibilbidean sorkuntza artistikoa, prestakuntza eta komunitate-lana uztartzen ditu, antzerkia ahalduntze pertsonalerako, komunitatea eraikitzeko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiliz. Ez duzu antzerkian aldez aurretiko esperientziarik izan behar. Jakin-mina, esperimentatzeko gogoa eta zeure burua harritzen uzteko prest egotea besterik ez duzu behar. Laborategia jolasteko, probatzeko, geure burua adierazteko eta geure istorioak kontatzeko modu berriak aurkitzeko espazio gisa pentsatuta dago. Ostiralero, urriaren 16tik aurrera 2 ordu eta erdiko saioak LaGuardian (Arabako Errioxan) Dinamizatzailea: Olfa Sendesni Laborategiko parte-hartzea “Rabia(a)-Amorrua” antzezlanaren emanaldiarekin amaituko da. Olfa Sendesnik antzeztutako eta Javier Liñeraren dramaturgia duen lana abenduaren 5ean, 18:30ean, Guardiako Antonio Mijangos Kultur Aretoan aurkeztuko da. Eta zuk, badakizu dagoeneko zeure zer istorio kontatu nahi duzun? Animatu eta parte hartu! Informazio guztia eta izena emateko esteka erantsitako kartelean aurkituko dituzu. Era berean, eskertuko genizueke deialdi hau interesatuta egon daitezkeen Arabako Errioxako pertsona, elkarte, kolektibo eta sareen artean partekatzea. Oholtza gainean ikusiko dugu elkar!