
"José María Arizmendiarrieta, euskal kooperatibismoaren hastapenak"
2026(e)ko urriaren 16(a), ostirala → 2026 aza. 1(a)
Legazpi
Gratis
Erakusketak José María Arizmendiarrietaren (1915-1976) bizi-ibilbidea eta pentsamendua jasotzen ditu. Apaiza eta pentsalari praktikoa izan zen, eta hezkuntzaren, lanaren eta elkartasunaren inguruko ideiak proiektu zehatz bihurtu zituen; proiektu horiek sakon eraldatu zuten Arrasateko gizartea. Erakusketak haren obra nagusian jartzen dio arreta: kooperazioari. Haren ibilbidearen bidez, euskal kooperatiba-mugimenduaren garapenerako funtsezkoak izan ziren ekimenak nola bultzatu zituen ezagutuko dugu: Lanbide Eskolaren eta ULGORren sorreratik hasi eta Fagor, Euskadiko Kutxa, Auzo-Lagun eta Ikerlanen gisako proiektuetaraino, besteak beste. Biografia kronologiko batetik harago, erakusketak haren pentsamenduaren zutabeetako batzuk jorratzen ditu: hezkuntza, berrikuntza, etxebizitza, finantzaketa, euskal kultura, eta emakumea eta lana. Garaiko argazkiek, objektuek eta etxetresna elektrikoek ibilbidea osatzen dute, Arizmendiarrietaren figura eta euskal kooperatibismoaren erreferente nagusietako baten jatorrian dauden ideiak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.