
"Pentsartean"
2026(e)ko azaroaren 28(a), larunbata
Tabakalera
Donostia, Gipuzkoa
Gratis (inscripción)
Pentsartean topaketak formatua berritu zuen iaz. Azken urteotan hilero biltzen ginen Medialabeko egongelan, baina azkenaldian beste formatu eta maiztasunak probatu ditugu, denbora-tarte handiagoko eta iraupen luzeagoko saioak eginez. Saio ireki eta parte-hartzaile hauetan, liburuetatik abiatuta hausnartzen hastea gustatzen zaigu, baina pentsamendu kritikorako beharrezkoak diren beste diziplina batzuk ere baliatzen ditugu. Gurea, liburu artean gertatzen den pentsatze bat da, pelikula zatien, abestien, artelanen artean. Material hauek espazio hau eratzen laguntzen digute, egokitu zaigun munduari modu kritikoan aurre egiten lagunduko diguten hausnarketak egiteko. Eta hau guztia modu kolektiboan pentsatzeko zereginean lagunduko diguten gonbidatuen presentziarekin. Saio bakoitzaren aurreko denboraz gozatzeko eta gaiaren inguruan murgiltzeko, materialen aukeraketa bat prestatu dugu, izena ematean bidaliko dizueguna. Betiko moduan, ez da derrigorrezkoa irakurketa edo ikustaldi hauek egitea, parte hartze hutsa luxu bat da, baina denboraz, patxadaz eta lasaitasunez gozatzera animatzen zaituztegu. Hurrengo saioa: Urriak 24 - Gorputza potentzia gisa Pentsartean programaren saio honek gorputza ezagutza-leku gisa ulertzeko gogoeta-espazio bat irekitzea proposatzen du, gorputza zeharkatzen duten keinu, praktika eta harreman materialei erreparatuz. Gorputzaren ekintzetatik abiatuta —eutsi, garraiatu, errepikatu, dantzatu—, ekintza horiek jakintza nola sortzen duten galdetuko diogu geure buruari, baita gorputz-praktika jakin batzuek gorputzak eta testuinguruarekiko harremanak eraldatzen dituzten genero-teknologia gisa nola funtzionatzen duten ere. Maite Garbayo-Maeztu ikerlari eta idazlea arduratuko da saioa gidatzeaz. Gaur egun, Ramón y Cajal ikerlaria da Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Sailean. Bere ikerketa-lerroak arte garaikidearen, kultura bisualaren eta feminismoen arteko elkarguneetan kokatzen dira, eta bere ibilbidean ikerketa akademikoa eta arte garaikidearen esparruko praktika profesionala uztartu ditu. Aurreko saioak: Maiatzak 30 - (Ez)amatasunak. Potentzialtasunak eta ondoezak. Martxoak 28 - Genetikaren imaginarioak eta ugalketa-disidentziak.