Zerdago
← Itzuli agendara
Ispilu(h)ari 2026
Jaiak eta jaialdiakesKulturklik

Ispilu(h)ari 2026

2026(e)ko urriaren 23(a), ostirala → 2026 abe. 20(a)

Deba

Debako Udalak udazken honetan jarriko du martxan Ispilu(h)ari egitasmoaren bigarren edizioa, urritik abendura bitartean garatuko diren sei kultur proposamenekin. Magia, ipuin-kontaketa, musika, antzerkia eta txotxongiloak uztartuko dituen eskaintza izango da, adin desberdinetako publikoari zuzendua. Edizio honetan, helduentzako saioen eguna aldatu egingo da: aurreko edizioan larunbat arratsaldetan egiten ziren, eta hemendik aurrera ostiral iluntzeetan izango dira, 20:00etan. Aldaketa horren bidez, herriko kultur programazioarekin koordinazioa indartu nahi da, Kultur Elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak ere kontuan hartuta, eta ostirala helduentzako kultur hitzorduen erreferentziazko egun gisa sendotu. Programazioa bi ildotan banatzen da: Ispilu(h)ari Handiak, 12 urtetik gorakoentzat, eta Ispilu(h)ari Txikiak, 12 urtetik beherakoentzat. Handiak zikloko saioak ostiraletan izango dira, 20:00etan; haurrei zuzendutako Txikiak ziklokoak, berriz, 17:30ean. Handiak zikloa urriaren 23an hasiko da Kidam Magoa ikuskizunarekin, Asier Kidamen helduentzako magia-proposamenarekin. Azaroaren 13an 80 Amandre ipuin-kontaketa saioa iritsiko da, emakumeen istorioak ardatz hartuta; eta abenduaren 18an amaituko da zikloa, Habiaren Animalia lanarekin, tradizioa eta gaur egungo sorkuntza uztartzen dituen musika-proposamenarekin. Bestalde, Txikiak zikloa urriaren 25ean hasiko da Maite Ortegaren Izena duen guztia lanarekin, identitatea, askatasuna eta aniztasuna lantzen dituen antzezlanarekin. Azaroaren 15ean Naitaren Erresinolaren Kantua taularatuko da, txotxongiloak, itzalak eta zuzeneko musika uztartzen dituen proposamena; eta abenduaren 20an Yarleku konpainiaren Etxerik Txikiena izango da ikusgai, etxea, segurtasuna eta afektuzko loturak ardatz dituen lana. Programazio berri honekin, Ispilu(h)arik berriz ere euskarazko kulturaz gozatzeko gunea eskainiko du, askotariko arte-diziplinen bidez eta bai helduei bai haurrei egokitutako proposamenekin. Zer da Ispilu(h)ari? Ispilu(h)ari 2025ean sortu zen, Debako aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako eskaera bati erantzunez: urtean zehar kultur programazio jarraitua eskaintzea. Egitasmoaren helburuak dira euskararen erabilera sustatzea eta herriko kultur transmisioa eta nortasuna indartzea, aldi berean topagune, sorkuntza eta parte-hartzerako espazioak sortuz. Egitasmoaren izenak Agirre jauregiko Ispiluen Gelari egiten dio erreferentzia, bertan egiten baitira jarduerak.