
"Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II" kongresua
2026(e)ko abenduaren 16(a), asteazkena → 2026 abe. 18(a)
EHU (Campus de Gipuzkoa)
Donostia, Gipuzkoa
Gratis (inscripción)
Euskal pentsamenduari plaza bat emateko asmoarekin, EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua antolatu dute abenduaren 16tik 18ra bitartean, Donostian. Hasiera batean San Telmo Museoan egitekoa bazen ere, egitasmoak hartu duen dimentsio zabala eta erantzun jendetsua dela-eta, azkenean, EHUko Carlos Santamaria zentroan egingo da topaketa. 2019ko lehen edizioarekin hasitako bideari jarraipena emanez, kongresuak euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez jarduteko hitzaldiak eta solasaldiak hartuko ditu. Duela zazpi urtekoa baino zabalagoa izango da bigarren edizioa, hala gaitegiz, nola partaidetzaz. Herrigintzako, kulturgintzako eta akademiako 150 hizlari izango dira hiru egunetan, askotariko gai eta formatutako 40 saiotan. Aurreko edizioan bezala, Gorka Eizagirrek sortu du kongresuaren iruditeria. Izen-ematea UEUren laguntzarekin egingo da, eta zabalik egongo da gaurtik kongresuaren bezperara arte edo edukiera bete arte. 2019az geroztik jorratutako ildoan Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak egin du kongresuaren kokapena. Azaldu duenez, kongresuaren lehen edizioa 2019an egin zen, eta Azurmendiren pentsamendua lantzeaz gain, komunitate bezala biltzeko ere balio izan zuen. Urte horretan bertan jaio zen Joxe Azurmendi Katedra, eta hainbat egitasmo martxan jarri ziren: doktorego tesiak, master laguntzak, Ur-jauzia liburu bilduma, dibulgazio hitzaldiak… Hurrengo urteetan zehar, komunitatea trinkotuz eta lan-ildoak zabalduz joan ziren. 2025eko uztailean utzi gintuen Joxe Azurmendik, baina agorrezina da utzi digun uzta. Horregatik, hainbat izan dira pertsona bera eta intelektuala aitortzeko egin diren ekimenak: esate baterako, Jakin-en 269-270. Zenbakia, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi, edo haren heriotzaren urteurrenaren harira uztailaren 4an Zegaman egin zen omenaldia. Joxe Azurmendiren pentsamenduak badu emaria, eta horren erakusle da Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren edizioa. Topaketa honen helburua bikoitza da: batetik, pentsalari zegamarraren lana ezagutzen eta horren gaurkotasuna bistaratzen jarraitzea; eta, bestetik, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez nahiz azpiegiturez hausnartzea. Akademia, kulturgintza eta herrigintza uztartuz, euskaraz eta Euskal Herritik lan egiten duten eragileen topaleku bihurtuko da ekimena. Bertan elkartuko den 150 hizlariko taldearen balioa urteetan zehar egindako bide emankorraren emaitza da, euskal kulturgintza zein pentsamendua elikatzen jarraituko duen komunitatearen sendotasuna agerian uzten duena. Kongresua UEUren eta Agora Filosofia Elkartearen laguntzarekin eta Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesarekin antolatu da. Kongresua: hiru egun, bost areto Alba Garmendia Castaños kongresuko antolatzaile taldeko kideak aletu ditu aurtengo edizioaren xehetasunak. Azaldu duenez, irekiera ekitaldi berezi batekin hasiko da kongresua abenduaren 16an: ongi etorri instituzionalaren eta antolatzaileen hitzekin, eta Easo Abesbatzaren emanaldi bereziarekin. Bestalde, abenduaren 18an, kongresua ixteko, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek, Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikia oinarri hartuta, aurkezpen saio berezia egingo dute, Miren Narbaiza musikariarekin batera. 2025eko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen Joxe Azurmendi protagonista duen proiektuak, eta liburua abenduan bertan kaleratuko dute. Tartean, hiru egunetan zehar, bost aretotan banatuko dira hitzaldi, solasaldi eta sinposioak, diziplinarteko ikuspegia eta gaitegi zabala ardatz hartuta. Bi izango dira hizlari gisa parte hartzeko moduak. Hizlariek hitzaldi indibidual bat aurkezteko aukera izango dute, eta hala bilduko ditugu mahaiaren bueltan gai antzerakoa landuko duten hizlariak: adimen artifizialaz, historiaz, nazioaz, literaturaz… arituko dira. Parte hartzeko beste modua izango da sinposioena. Nork bere hitzaldia aurkeztu beharrean, hiruzpalau aditu bildu eta batera aurkeztuko dute proposamena. Modu horretan, aurretiaz landutako elkarrizketa sustatu nahi izan dugu kongresuan, eta komunitatea josteari jarri arreta. Hausnarketa partekatua lantzea izango da sinposioen helburua, eta erantzun ederra jaso dugu: saio guztien erdia izango dira sinposioak, 20 inguru. Hala, sinposioetan egongo dira Joxe Azurmendiren lanetatik eratorritako saioak (Teknikaren meditazioa, Gure klasizismo txikia eta Oraingo gazte eroak lanen inguruko saioak, adibidez), baina harago ere joango da kongresua: trantsizio ekosozialaz, maitasunaz, Arantzazuz, soziolinguistikaz, kooperatibismoaz, kulturgintzaz, biologiaren filosofiaz, pertsonalismoaz… ere hausnartuko dute. Joxe Azurmendik bere lanetan erakutsitako Euskal Herriarekiko konpromisoa, ikuspegi kokatua eta pentsamendu kritikoa oinarri hartuta, betiere. Izen-ematea, zabalik Kongresuan edonork parte har dezake, beti ere aldez aurretik izena emanez gero. Izen-ematea UEUren laguntzarekin egingo da, UEUko webgunetik bertatik, eta zabalik egongo da gaurtik kongresuaren bezperara arte (2026ko abenduaren 15a) edo edukiera bete arte. Hau da izena emateko esteka, eta Jakinen, Joxe Azurmendi Katedraren eta UEUren webguneetan topa daiteke.