
LABO XL 226 - Espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdia
Azaroaren 12tik 15era, LABO XL Espazio eta Hizkuntza Eszeniko Berrien Jaialdiaren zortzigarren edizioa hartuko dute Tabakalerak eta Gazteszenak. Dantza, antzerki eta zirku garaikidea ardatz dituen jaialdiak tokiko, estatuko eta nazioarteko 22 konpainia eta beste hainbeste ikuskizun bilduko ditu, lau bitartekaritza-jarduerarekin eta hainbat topagunerekin batera. Aurtengo edizioak konexioetan jarriko du arreta, artistak, kultur eragileak eta publikoa elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta lankidetza berriak sustatzeko espazioak sortuz. Gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa hartuta, LABO XLk hizkuntza eszeniko berriak esploratzeko eta arte-adierazpen desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko topagune irekia eskainiko du. Programazioak askotariko publikoentzako proposamenak bilduko ditu, konpainia gazteen zein ibilbide luzeko sortzaileen lanak uztartuz. Guztira, 16 dantza-ikuskizun, lau antzerki-ikuskizun, zirku-ikuskizun bat eta kontzertu bat eskainiko dira. Horien artean, lau erabateko estreinaldi, bi estreinaldi estatuan eta zazpi estreinaldi Euskadin izango dira. Balearrak izango dira aurtengo lurralde gonbidatua, eta bertako lau konpainiak parte hartuko dute jaialdian: BAAL, Alejandro Fuster, Maya Triay i Mariona Jaume eta La Perrerie. Horrez gain, Portugalgo, Frantziako eta Estoniako artistek ere osatuko dute nazioarteko programazioa. Azken herrialde horrek lehen aldiz parte hartuko du LABO XLn, Euskadiko eta Estoniako arte eszenikoen sektoreen arteko harreman berriak sustatzeko asmoz. Jaialdiari hasiera emateko, Compañía X konpainia eibartarrak Cuerpas lana estreinatuko du azaroaren 12an. Proiektua LABO XLk Tabakalerarekin elkarlanean sustatutako EKI programaren barruan garatu da. Ekimen horren helburua gorabidean dauden Gipuzkoako sortzaileei laguntzea da, sorkuntza-prozesua garatzeko aukera eskainiz eta haien lana jaialdiaren programazioan txertatuz. Sorkuntza artistikoari laguntzeko beste bi egonaldi-programaren emaitzak ere aurkeztuko dira: AIDEKO programaren barruan, Galiziako eta Euskadiko artisten arteko trukean parte hartu duten Nere Gurrutxaga eta Daniel Lezsoren lanak; eta ITURRI programaren bidez garatutako Proyecto Larruaren Segundo movimiento proposamena. Ikuskizunez gain, LABO XLk bitartekaritzari eta profesionalen arteko topaketei leku berezia eskainiko die. Lau jarduera antolatu dira: dantzaren, lurraldearen eta komunitatearen arteko harremanei buruzko topaketa; konpainiak eta programatzaileak elkartzeko Bileratxoak izeneko negozio-mahaiak; programazio berezien inguruko esperientziak partekatzeko mahai-ingurua; eta EDADEI Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketaren seigarren edizioa. Jarduera horien bidez, arte eszenikoen sektoreko eragileen arteko ezagutza-trukea, hausnarketa eta lankidetza sustatu nahi dira. Aurten ere, jaialdiak inklusioaren, emakume sortzaileen ikusgarritasunaren eta euskararen presentziaren aldeko apustua egingo du. Atzegirekin elkarlanean jarraitzeaz gain, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat egokia den Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hegan egiteko gogoa antzezlana eskainiko da. Era berean, 22 konpainia gonbidatuetatik hamar euskaldunak izango dira, eta testua duten lau antzerki-proposamenetatik bi euskaraz eskainiko dira. Jasangarritasunarekiko konpromisoari eutsiz, LABO XLk Erronka Garbia ingurumen-ziurtagiria izango du aurten ere, ekitaldiaren ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko egindako ahalegina aitortzen duena. Programazioak doako jarduerak eta sarrera behar duten ikuskizunak uztartuko ditu. Abonuak, eguneko sarrerak eta banakako sarrerak jaialdiaren webgunean eskuratu ahal izango dira. Informazio gehiago eta sarrerak: www.labo.eus