
"Ehun trinkoan ebaki txikiak"
Ehun trinkoan ebaki txikiak erakusketak Bilbon bizi den Javier R. Pérez-Curiel, Chavezito (Oviedo, 1978) artistaren iraganeko eta egungo lanak biltzen ditu. Izenburuak Marina Vishmidt teorikoaren aipu bat du abiapuntu, eta itxuraz egonkorra den antolaera batean (ehun trinkoa), irekidura bat (ebaki txikia) sortzeak izan dezakeen potentziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Javier R. Pérez-Curielen praktika zeharkakoa da: eskultura, soinua eta performancea uztartzen ditu. Bere lanaren bidez, azpiegitura batek bezala, errealitate jakin bat artikulatzen duten baldintzei, ohiturei eta objektuei erreparatzea du helburu. Erakusketa honetan, aurretik egindako keinuetara itzuliko da artista, bestelako egoera batzuetan zirkulazioan jartzen direnean zer gertatzen den behatzeko. Lan horietako askok lotura estua dute aurretik Tabakaleran egindako ibilbidearekin, bertako egonaldi-programetan eta erakusketa kolektiboetan parte hartu izan baitu. Ikusgai ipinitako artelan eta esku-hartzeek ebaki txikiak txertatzen dituzte aretoan. Espazioan banatuta, hura antolatzen duten ohiturak eta harremanak aldatzea dute helburu, fisikoki zein sinbolikoki; eta, hortik abiatuta, behin-behineko azpiegitura bat eraikitzea, egiteko modu berriak probatzeko. Dagoeneko egindakoaren eta oraindik gerta daitekeenaren arteko tarte horretan kokatzen da Ehun trinkoan ebaki txikiak. Inguratzen gaituena eusten duten baldintzei arreta ematera gonbidatzen gaitu proposamenak, baina baita baldintza horiek aldatzen direnean ager daitekeen horri ere. Ebakia ez da larruazal leunaren etena bakarrik; zulo bat ere bada, bertatik begiratu ahal izateko. Irene Landa da Ehun trinkoan ebaki txikiak erakusketaren komisarioa, 2026ko Tabakalerako komisariotza-egonaldiaren emaitza. Ekimenaren helburua tokiko arte-eszena sustatzea da, komisarioei eta artistei lagunduz eta euren egitasmoak zentroaren urteko erakusketa programan txertatuz.