
"More than weeds"
Erakusketaren titulua argazkiak egin ondoren bururatu zitzaidan, artikulu bat irakurri nuenean Londresko More than weeds mugimenduaren gainean. Mugimendu horren kideak, izan ere, espaloietan kleraz idazten aritzen dira hiriko artesietan eta tokirik harrigarrienetan berez sortzen diren landareen izenak, eta gero bisita gidatuak ere antolatzen dituzte, jendeak haien berri jakin dezan. Irakurri nuenean, konturatu nintzen nere argazkietan ere, basa-landare horiek izaten zirela protagonista, orokorrean denboraren joanak testura emandako hondoaren gainean bakarturik. Eta zera pentsatu nuen: mugimendu horrek landareen nortasun botanikoa erreibindikatzen zuen heinean, nik nere lanen motibo plastiko bihurtu nituela. Argazki hauek, oro har, leku arrunt, interesik gabekoetan, hartuak dira, inolako arretarik jarri gabe pasatzen garen horietakoetan. Batzuk leku kaotikoak eta bereziki utziak dira, hala nola autopistako zubipeak. Baina argazkiok ez dituzte toki horiek dokumentatu nahi. Haietatik osagai estetikoak hartzen dituzte, hondo testuratuak, giza presentziaren arrastoak denborak ezabatu duen grafitiak, edo landareak berak, inork kontrolatu gabe libre hazten direnak; baina emaitza, halere, hartutako tokiaren kontra-kontrakoa da. Kaosean eta anabasan, konposizio hauek oreka eta edertasuna bilatzen dituzte. Azken finean gauza ttikiak, xumeak, etxekoak erreibindikatzen dira. Etenaldia egiteko gonbidapena da, lekuan gelditu eta askotan oharkabean pasatzen zaizkigun elementuei begirada oharti bat ematea. Erakusketan ikusgai gramaje handiko paperean inprimitutako argazkiak daude, azalera matea eta grabatu antzeko testuradunak. Garrantzitsua zen paperak gorputza izatea, irudien testurekin jarraitutasuna izatea eta ukipen-esperientzia eskaintzea, irudietako azalerak osatzeko asmoz. Horrexegatik erabaki dut argazkiak inolako kristalik gabe erakus-gai jartzea.