Zerdago
← Itzuli agendara
Durangoko Musika Hamabostaldia 2026
Jaiak eta jaialdiakKulturklik

Durangoko Musika Hamabostaldia 2026

2026(e)ko azaroaren 8(a), igandea → 2026 abe. 13(a)

Centro Cultural San Agustín

Durango

Durango musikarekin elkartuko da berriro, XXXVII. Musika Hamabostaldiaren eskutik. 37 urteko ibilbideari esker, herriko kultur egutegian erreferentziazko hitzordu bihurtu da ekimena. Azaroaren 8tik abenduaren 13ra bitartean, bost kontzertu hartuko ditu San Agustin Kulturguneak, eta musika klasikoa interpretatzeko eta gozatzeko hainbat modu ezagutzeko aukera eskainiko dute, ohiko errepertoriotik hasi eta gaur egungo sorkuntzetaraino. Edizio berriak jarraipena emango dio Durangoko Udalak eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolak kultura bizi, irisgarri eta herritar guztiei irekiaren alde egindako apustuari. Ia lau hamarkadatan, Musika Hamabostaldiak herriko musika tradizioari eusten lagundu du, ekimenean parte hartzen duten pertsonen inplikazioari esker. Ildo horretan, Udalak nabarmendu du garrantzitsua dela musika talentuari aukerak eskaintzen jarraitzea eta belaunaldi berriei erreferenteak ematea, musika eguneroko bizitzaren parte izan dadin. Egitaraua azaroaren 8an, igandean, hasiko da, 19:00etan, Dolmen Ensemblearekin. Haize-instrumentuen boskote gaztea Ibón Ariznabarretak, Mikel Albisturrek, Eider García de la Torrek, Aitor Gullonek eta Asier Urretak osatzen dute. Errepertorio klasikoko obra esanguratsuak eta gaur egungo konposizioak uztartuko ditu taldeak, euskal konpositoreen ganbera-musikari arreta berezia eskainita. Hala, musika ondare horren aberastasuna eta tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkarrizketa jarriko ditu agerian. Azaroaren 14an, larunbatean, 19:00etan, Antón Gómez saxofonista durangarrak eta Michel Reynoso piano-jotzaileak elkarrekin joko dute, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin duten loturatik sortutako ganbera-musikako proiektu batean. Nagore Tamayo dantzariak ere parte hartuko du emanaldian. Garai eta estilo desberdinetan barrena egingo dute ibilbidea, saxofoiaren eta pianoaren soinu-aberastasuna eta adierazpen-aukerak arakatuz. Gómezen parte-hartzeak, gainera, Durangori lotutako musika talentuari ikusgarritasuna emango dio. Azaroaren 22ko, igandeko, hitzordua familiei zuzenduta egongo da bereziki. 18:00etan, Aupa Stringsek Playlist ikuskizuna aurkeztuko du, musika klasikoa, rocka, funka, jazza eta reggaea antzerkiarekin, umorearekin, dantzarekin eta clown elementuekin uztartzen dituen proposamena. Jolasaren eta parte-hartzearen bidez, ohiko kontzertuaren kontzeptua eraldatuko du taldeak, esperientzia hurbil eta sorpresaz beterikoa eskainiz. Bertan, hari-instrumentuek hainbat musika- eta eszena-hizkuntzarekin egingo dute bat. Operaren txanda azaroaren 27an, ostiralean, iritsiko da, 19:00etan, Henry Purcellen Dido & Eneas lanarekin. All’ Antica Musika Elkarteak eskainiko du emanaldia, Moisés Marotoren musika-zuzendaritzapean eta San Agustin Kulturgunearen lankidetzarekin. Barrokoko obra ezagunenetako bat hurbilduko dio publikoari. Konpositore ingelesaren sorkuntza handienetako bat da opera hori, eta gizakiaren zaurgarritasuna erretratatzen du, gaur egun ere indarrean dagoen sentiberatasunez. Musika Hamabostaldia abenduaren 13an, igandean, amaituko da, 19:00etan, Judith Jáuregui piano-jotzailearen eta Ana María Valderrama biolin-jotzailearen emanaldiarekin. Lehen aldiz arituko dira elkarrekin agertoki gainean, El instante y lo eterno izeneko egitaraua interpretatzeko. Errezitaldia Arvo Pärten Fratres lanarekin hasiko da, eta Karol Szymanowskiren, Gabriel Fauréren eta Clara Schumannen konposizioak ere bilduko ditu. Espiritualtasuna, lirismoa eta adierazkortasuna izango dira nagusi, uneko emozioaren eta musikaren betierekotasunaren artean bidaiatzera gonbidatzen duen egitarauan. Sarreren prezio arruntak 4 eta 12 euro artekoak izango dira, kontzertuaren arabera. Bartolome Ertzillako bazkideek eta ikasleek, berriz, tarifa murriztuak izango dituzte, 3 eta 9 euro artekoak. Egitarauari buruzko informazioa www.bartolomeertzilla.durango.eus webgunean kontsulta daiteke. Durangoko Udalak eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolak eskerrak eman dizkiete Musika Hamabostaldia posible egiten duten pertsona eta erakunde guztiei, baita urtez urte ekimenean parte hartzen duen publikoari ere. Era berean, herritar guztiak animatu ditu San Agustin Kulturgunera hurbildu eta 37. edizio honetako kontzertuez gozatzera.