
Bilboko Aste Nagusia 2026: egitaraua
Bilboko Aste Nagusia 2026 abuztuaren 22tik 30era ospatuko da. Bederatzi egun horietan, dibertsioa eta ilusioa izango dira protagonista hiriko txoko guztietan. Bilboko Udalak 2026ko Aste Nagusiko lehen kontzertuak iragarri ditu. Horrela, En Tol Sarmiento (ETS) euskal taldeak abuztuaren 26an joko du Europa parkean, Bilboko Aste Nagusiko agertoki handienetako batean. Horrez gain, Udalak beste izen bat baieztatu du: M-Clan. Carlos Tarque buru duen taldeak abuztuaren 29an joko du Abandoibarrako agertokian, bere 30 urteko ibilbidea ospatzeko biraren barruan. Gainera, Walls abeslari murtziarrak Bilboko Aste Nagusian joko du 2026ko abuztuaren 27an, Europa parkean Udalak apurka-apurka emango ditu jakitera Aste Nagusiko gainerako kontzertuak, Abandoibarran eta Europa parkean egingo direnak. Hartara, astero iragarkiak jarriko ditu aipatutako kanal digitaletan eta Spotify-n. SEI KARTEL FINALISTAK Bilboko Udalak eman ditu ezagutzera 2026ko Aste Nagusiko Kartel Lehiaketako sei lan finalistak. Lan horiek Uriko jaien irudi ofizial bihurtzeko lehiatuko dira, abuztuaren 22tik 30era bitartean ospatuko diren jaiak iragartzeko. Hautatutako proposamenak beren sormenagatik eta Aste Nagusiaren berezko jai-giro parte-hartzailea transmititzeko duten gaitasunagatik nabarmendu dira. Izan ere, Aste Nagusia hiriko kultur eta gizarte-egutegiko ekitaldirik adierazgarrienetako bat da. Hauek dira sei kartel finalisten izenburuak: Bilbo eskutan Zoriona ¡Qué rule Marijaia! Los retazos de Marijaia En volandas Un abrazo azul para Bilbao Aurtengo edizioan guztira 276 lan aurkeztu dira, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek eginak. Hasierako hautaketa egiteko, honako hauek osatutako epaimahaia bildu da: Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoko presidentea eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Eider Bilbao zinegotziak, Susana Alaguero Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidentea, Laura Marchante kultura kudeatzailea, Bego Elexpe argazkilaria, Andoni Calvo kazetaria, Iraide Eguia Logoritmoko diseinatzailea eta Bilboko Konpartsen ordezkari bat. Gainera, aurtengo edizioan, epaimahaiak Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorearen aholkularitza ere izan du, Adimen Artifizialaren erabilerari dagokionez. Epaimahaiak hainbat irizpide hartu ditu kontuan, besteak beste, lanen kalitate artistikoa, proposamenen originaltasuna eta jaiak definitzen dituzten bizikidetza, aniztasun eta inklusio balioak irudikatzeko duten gaitasuna. BOZKETA-SISTEMA MISTOA Herritarrek ekainaren 15etik 21era bitartean izango dute kartel irabazlea aukeratzeko aukera, bozketa-sistema misto baten bidez: Online bozketa Bilboko Udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da. Aurrez aurreko bozketa Ibaiondoko Udaltegian egingo da, “La Bolsa” eraikinean (Pilota kalea, 10). Bertan kartel finalistak ikusgai egongo dira, eta astelehenetik ostiralera bozkatu ahal izango da, 08:30etik 14:00etara. Parte hartzeko, nortasuna egiaztatzen duen dokumenturen bat aurkeztu beharko da (NANa, gidabaimena edo antzekoa). Ondoren, epaimahaia berriro bilduko da azken balorazioa egiteko. Edizio honetan, herritarren botoek (online zein aurrez aurre emandakoek) %35eko pisua izango dute bakoitzak; gainerako %30a epaimahaiaren irizpideari dagokio. Kartel irabazlea ekainaren 24an emango da ezagutzera, eta haren egileak 3.000 euroko diru-saria jasoko du. Hautatutako lana 2026ko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.
Ikusi jatorrizko iturrian →