Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
"Harun Farocki efektua" erakusketa
ErakusketaKulturklik

"Harun Farocki efektua" erakusketa

📅 2026(e)ko ekainaren 19(a), ostirala → 2026 ira. 26(a)

🎭 Kutxa Fundazioa Kubo

📍 Donostia, Gipuzkoa

🗺️ Ireki Google Maps-en

💶 Gratis

Atzera begirako erakusketa honek hirurogeiko hamarkadan ekoitzitako film militanteen aukeraketa zabal bat eskaintzen du —horietako batzuk duela gutxi zaharberrituak—, lehen aldiz. Hala, erakusketak irudi operatiboari buruzko lanak hartzen ditu abiapuntutzat; «irudi horiek —egileak berak esango lukeen bezala— ez dira ez entretenitzeko ez informatzeko eginak». Lehen Golkoko Gerraren ondorioz, zabal eta sakon ikertu zituen Farockik bideozaintza eta ikusizko gailuen bidez inplementatutako gerra-teknologiak. Hainbesteraino, non Farocki aitzindari izan zen irudiak makinen bidez ekoizten eta irakurtzen diren garai hau aurreikusten. Harun Farocki efektua erakusketak XX. mendeko ibilbide kritiko distiratsuenetako bat du ardatz. Farockiren lana aldi berean da kritikoa, pedagogikoa eta soila, eta esperientzia-modu berri bat inauguratu du museoan, bisitariak eragile aktibo bihurtzen dituena. Instalazioak eta obrak espazio jarraitu batean biltzeak egileak berak soft montage (muntaketa biguna) deitu zuena sortzen du: muntaketa horretan, obra bati begira gaudela, beste batzuk ikusten hasten gara begi-bazterretik. Erakusketaren osagarri, adingabeentzako eta familientzako proiekzioak, tailerrak eta jarduerak antolatu ditugu; izan ere, Farockik eskaintzen digun zinema —egile zailaren ospea izan arren— guztiz gardena da. Informazio praktikoa Datak: 2026ko ekainaren 19tik irailaren 26ra arte Ordutegia: asteartetik igandera: 12:00-14:00 eta 16:00-20:00 Sarrera doan Lekua: Kutxa Fundazioa Kubo Kuratoretza: Antje Ehmann, Carles Guerra Artista: Nor izan zen Harun Farocki Harun Farocki (1944-2014) kultura zinemazale baten eta irudia bera auzitan jartzen duen zinema baten arteko trantsizioaren ikurra da. Berlingo kontrakulturaren giroan hasi zuen bere ibilbidea, eta artearen munduko kultuko egile izatera iritsi zen. Zinema militantea eta irrati-telebistako kultur kritika eta kazetaritza izan ziren haren lanaren iturburuak, gerora film-saiakera erreferentzia gisa hartuko zuen obra baten jatorria. Alemaniako Zinema Berria osatu zuten zuzendarien ondorengo belaunaldiari atxiki zitzaion Farocki. Fassbinder, Wenders eta Herzog gogor kritikatuz, zinemak izan behar zuenari buruzko ideia konformistaren aurkako jarrera hartu zuen. Erakusketaren komisarioak: Antje Ehmann eta Carles Guerra Antje Ehmann (Gelsenkirchen, Alemania, 1968) Berlinen bizi den komisarioa, egilea eta bideoartista da. Literatura, filosofia eta komunikazio zientziak ikasi zituen 1988 eta 1995 artean. 1992tik 1998ra Duisburger Filmwoche eta Internationalen Kurzfilmstage Oberhausen zinema-jaialdietako antolakuntza-taldeko kide izan zen. Harun Farockirekin izandako kolaborazio artistikoagatik da ezaguna. 2011 eta 2014 artean Labour in a Single Shot zuzendu zuen Harun Farockirekin batera, mundu osoko hirietako lana etenik gabeko hartualdi bakar baten bidez dokumentatzen duen tailer eta bideoen asmo handiko proiektu globala. Eta, 2017tik aurrera, beste zinemagile batzuekin; Veneziako Bienalean parte hartu du proiektuarekin 2013an eta 2015ean. Carles Guerra Irakaslea, ikertzailea eta komisario independentea da. Arte modernoa eta arte garaikidea, pedagogia kritikoak eta museoen estudioak dira Carles Guerraren ikerketa-esparruak. Virreina Centre de la Imatge eta Fundació Antoni Tàpies zuzendu ditu, MACBAko kontserbatzaile burua izan da, eta visiting professor New York University – Institut Ramon Llull-eko Catalan Studies sailean. Maila handiko artisten erreferentziako erakusketen komisario izan da, hala nola Perejaume, Art & Language, Bruno Serralongue, Ahlam Shibli, Allan Sekula, Susan Meiselas, Harun Farocki, Patricia Dauder, Ixone Sádaba, Clemente Bernad edo Oriol Vilanova. 2025ean Espainiako pabilioiaren komisario izendatu zuten 61 Biennale di Venezian, Oriol Vilanovaren Los restos proiektuarekin.

Ikusi jatorrizko iturrian