Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
"Goya beltza, Motherwell beltza"
ErakusketaKulturklik

"Goya beltza, Motherwell beltza"

📅 2026(e)ko maiatzaren 16(a), larunbata → 2026 ira. 27(a)

🎭 Museo San Telmo

📍 Donostia, Gipuzkoa

🗺️ Ireki Google Maps-en

💶 4 / 10 €

San Telmo Museoak bere azken eskurapenetako bat aurkezten du erakusketa honetan, Los desastres de la guerra (1810-1820) seriea, Francisco de Goyarena. Pintoreak Napoleonen inbasioaren aurkako Independentzia Gerrako gertakari historikoei eskaini zien estanpa multzo honek esparru historikoa gainditzen du. Irudi hauek bizirik diraute bere garaiko hondamendietan ez ezik, XX. eta XXI. mendekoetan ere. Data seinalatuetatik haratago, irudiok Goyak Historiaren auzitegian aurkezten dituen indarkeria garaikidearen forma sintomatikoak irudikatzen dituzte. Obra honekin, Goyak modernotasun bisual bat inauguratzen du, hainbat baliabideren bidez adierazten duena: ikusten dugunaren lekuko egiten gaituen begiratzeko modu bat asmatzen du, heroismoaren epika desmuntatzen du, eta izenik gabeko biktimen gaineko ankerkeria irrazional eta itsua baino ez du erakusten. Goyaren saileko eszena narratibo eta esplizituekin elkarrizketan, Robert Motherwell margolari espresionista estatubatuarraren mihise abstraktu eta beltza dago: Iberia (1958). Hondamendien kontrapuntua da: indarkeriatik oihartzun emozionalera, figurazio gordinetik sintesi abstraktura, garrasitik isiltasun absolutura. Motherwellek hainbat arlotan antzekotasunak partekatzen ditu Goyarekin: keinu bortitzak, esperimentazioaren ausardia, iluntasuna nagusi den paleta, irudien indar etikoarekiko fedea. Iberiak ondorio emozional gisa jokatzen du, dolu ekintza gisa, Goyaren Los desastresen oihartzun transzendente eta erabat abstraktu gisa. Antolaketa eta ekoizpena: San Telmo Museoa Komisarioa: María Bolaños Irudia: Con razón o sin razón, F. Goya Bisita gidatuak Maiatzaren 23tik aurrera Astearteetan 10:30 (cas) + 18:00 (eus) | larunbatetan, 10:30 (eus) + 18:00 (cas) Bisita doakoa da (beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea), baina museoko sarrera erosi behar da. Erreserbak maiatzaren 15etik aurrera Bisita egiteko gutxinez 2 laguneko taldea osatu behar da.

Ikusi jatorrizko iturrian