
"Alejandro Cartagena: Ground Rules"
2026(e)ko azaroaren 6(a), ostirala → 2027 urt. 17(a)
Donostia, Gipuzkoa
Gratis
Kutxa Fundazioak Alejandro Cartagena: Ground Rules [Oinarrizko arauak] erakusketa aurkezten du oraingoan. Alejandro Cartagena (Santo Domingo, 1977) mexikar-dominikar argazkilariaren hogei urtetik gorako ibilbidea egingo da erakusketaren bitartez. Bere jardun artistikoak serialtasunaren eta ikuspegien aniztasunaren aldeko apustua egiten du, eta horiek dira, hain zuzen, bere lanaren ardatz nagusiak. Planteamendu horretatik abiatuta, eta ikuspegi kritiko eta humanistarekin betiere, Mexikoko errealitate konplexuetako asko erakusten ditu bere lanetan: migrazioa, etxebizitza, Estatu Batuetako muga edo hiri-eraldaketa, besteak beste. Bere lanak ez du irudien arteko hierarkia aintzat hartzen, eta banakakoaren gainetik alderdi kolektiboa nagusi agertzen dituzten konstelazio bisualak proposatzen ditu. Erakusketa honetan, artistaren proiektu enblematikoak biltzen dira, hala nola Suburbia Mexicana, Carpoolers edo Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugari eskainitako trilogia. Horietan guztietan agerian gelditzen da nolako gaitasuna duen Cartagenak premiazko fenomeno sozialak eta ingurumenekoak ikusarazteko. Halaber, argazkilaritza erabiltzen du narratiba sinplistak zalantzan jartzeko eta identitatearen, memoriaren eta paisaiaren eraldaketaren inguruko gogoetarako bide berriak zabaltzeko. Haren lana ez da inondik ere zatikatua, aitzitik, gaur egungo erronkei buruzko ikuspegi koherente eta plurala proposatzen du, eta hainbat ikuspuntutatik begiratzeko gonbita egiten digu.