Zerdago
← Itzuli agendara
Erakusketa Guggenheim Museoan: "in situ: Zadie Xa"
ErakusketaKulturklik

Erakusketa Guggenheim Museoan: "in situ: Zadie Xa"

2026(e)ko azaroaren 19(a), osteguna → 2027 api. 11(a)

Museo Guggenheim Bilbao

Bilbo, Bizkaia

Tarifas del museo

Hazi eredua lanean, Zadie Xa artistak (Vancouver, 1983) eta aspaldidanik kide artistiko duen Benito Mayor Vallejok (Zaragoza, 1981) ingurune murgiltzaile bat sortu dute hainbat errealitate bateratuta. Fikzio espekulatiboa, korear folklorea, erritualak, dantza eta kontalaritza abiapuntu hartuta, Xak bizitza garaikidearen ziurgabetasunak jorratzen ditu ametsen, mitoen eta naturaz gaindiko kontuen bitartez, eta hausnarketa egiten du beste animalia batzuekiko, naturarekiko zein gainerako gizakiekiko dugun harremanaz. Instalazioaren erdigunean zuhaitz zaindari bat dago. Koreako herrietako tradizioan ez ezik hainbat kultura eta mitologiatan zuhaitz sakratu edo zuhaitz-santutegi gisa presente dagoen figura izaki, zuhaitza babes-espirituen bizilekutzat hartu izan da, eta zubi-lana egiten du gizakion munduaren, arbasoen munduaren eta espiritualtasunaren artean. Zuhaitzen sustrai-adarrek komunikazio-sistema zabala osatzen dute lurrazpian dagoenaren eta zerurantz goratzen denaren artean: distantziak, belaunaldiak eta bizimoduak uztartzen dituzte. Xaren ustez, giza ekintzen lekuko ere bada zuhaitza. Geure buruaz eraikitzen dugun kontakizuna gorabehera existitzen direnez, arbolek besterik gabe berridatzi ezinezko historien zantzuak gordetzen dituzte beren baitan. Kultura guztietan eta belaunaldiz belaunaldi, konkistek, jendearen lekualdaketek eta botere-inposaketek behin eta berriz moldatu izan dute paisaia. Antzinako basoen suntsipenak, zuhaitz-mozketak eta ingurune naturalen eraldaketak agerian uzten dute lurra oroitzapenen biltegi dugula; zaindu, lekualdatu, suntsitu eta ahaztu dugunaren testigu. Elementu eta baliabide ugari baliatuz, gizakion, bestelako izaki bizidunen, arbasoen eta bizi ditugun inguruneen arteko harremana aztertzen du Xak. Deskribapen literalera jo gabe orainari heltzeko modu bihurtzen ditu mozorroa, jolasa, eraldaketa eta narrazioa. Hazi eredua santutegi bat da, atalase bat, espazio oniriko bat: oroitzapenen eta historien elkargunea; gizakiei, animaliei, arbasoei eta irudimenari lotutako errealitate ezberdinek bat egiten duten lekua. Oinordetzan jasotzen dugunaz, nahita zaintzen dugunaz eta guk geuk eraikitzen ditugun egoeretatik sor litezkeen bestelako munduez hausnartzeko gonbidapena dugu Hazi eredua. Aretoak: 204, 208 Komisarioa: Lekha Hileman