
Atlantikaldia 2026: egitaraua
Kulturen arteko elkarrizketa musika, dantza, artea, literatura, gastronomia, eta kirolaren bidez gauzatuko da Errenterian irailaren 17tik 20ra. Hamahirugarren edizioak “Uhinak” izango du lelo. itsasoari begira dagoen, baina hortik harago doan kontzeptua: soinua, mugimendua, energia, transmisioa eta oihartzun partekatua bezalako uhinak. Atlantikaldiak bere ohiko guneak mantenduko ditu: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren Plazan, Herriko Plaza Udaletxeko plazan, Kalekaia Panier orubean eta Herrixka Foruen Plazan. Horiei Errenteriako ibaia, kaleak eta beste hainbat txoko gehituko zaizkie, eta jaialdiaren ibilbidearen parte izango dira berriz ere. Iragarritako lehen izenak Laura Landa Kultura teknikariak aurkeztu du aurtengo edizioaren lehen aurrerapen artistikoa. Programazioak jatorri, estilo eta sentsibilitate anitzak uztartuko ditu berriz ere. Baieztatutako lehen izenen artean Macaco, Baiuca, La Móssa, Les Frères Smith, Selma Uamusse, Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil daude. Nazioarteko, estatuko eta tokiko proposamenak biltzen ditu aurrerapenak. Frantziatik La Mòssa iritsiko da, polifonia, perkusioa eta musika herrikoien berrinterpretazio garaikidea oinarri hartuta lan egiten duen emakumezko ahots-formazioa. Frantziatik ere Les Frères Smith; afrobeat, jazz, funka eta etiopiar inspirazioko groove-ak nahasten dituen kolektibo paristarra. Galiziatik etorriko da Baiuca, musika elektronikaren izen ezagunenetakoa, galiziar tradizioa eta abangoardiako soinuak uztartzen dituen proposamenarekin. Horiez gain, Selma Uamusse ere arituko da, Portugalen bizi den mozambiketar jatorriko artista, erritmo afrikarrak, soula, jazza, rocka eta elektronika uztartuz. Programazioan Macaco ere izango da, Bartzelonatik datorren estatuko musika mestizoaren erreferenteetako bat, rumbari, reggaeari, erritmo latinoei eta konpromiso sozialari lotutako ibilbidea duena. Festa Sedientos de Cumbiaren eskutik helduko da, cumbia dantza eta ospakizun gune gisa aldarrikatzen duen Iruñean jaiotako proiektua. Kartela osatzeko, lehen aurrerapen honetan, Carla Delgado abeslari eta konpositoreak popatik begirada sentikor eta garaikidea emango du, eta Nhil Aretxabaletako taldeak, berriz, pop organiko, soul eta R&B doinuak uztartuko ditu.
Ikusi jatorrizko iturrian →