Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
"Ipurtargiak", Jose Madrid Santurtun-en erakusketa
ErakusketaKulturklik

"Ipurtargiak", Jose Madrid Santurtun-en erakusketa

📅 2026(e)ko ekainaren 18(a), osteguna → 2026 urr. 4(a)

🎭 Museo de Reproducciones de Bilbao

📍 Bilbo, Bizkaia

🗺️ Ireki Google Maps-en

Bilboko Berreginen Museoak erakusketa berri bat inauguratu du: "Ipurtargiak. Argi-puntuak iluntasunean". Jose Madrid Santurtun artistaren argazki-proiektua ekainaren 18tik urriaren 4ra bitartean bisitatzeko aukera egongo da eta Museoak sustatutako udako kultur programazioan sartuko da. Bilboko Berreginen Museoak (Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia patrono dituen erakundeak) antolatutako erakusketa honek ibilbide bat egitera gonbidatzen gaitu, kulturaren arloko pertsonen 65 erretratuak ezagutu ditzagun, zeinak Bizkaiko zenbait eraikin eta espaziotan egin baitira. Formatu handiko argazki-sorta zaindu baten bidez, Jose Madrid Santurtunek idazleak, musikariak, artista plastikoak, interpreteak, kirolariak, pentsalariak eta kulturako profesionalak erretratatzen ditu, zeinek beren diziplinetatik gure inguruko bizitza kulturala aberasten lagundu baitute. Erretratatuetan ageri diren pertsona guztiak argi txiki goriekin agertzen dira, elementu sinboliko eta narratibo gisa funtzionatzen dutenak. Baliabide estetiko soil bihurtu ordez, kulturaren pentsamendua, sormena eta eraldatzeko gaitasuna argitzen duten distirak irudikatzen dituzte argi horiek. Proposamenaren bidez publikoari gonbita luzatzen zaio, batetik, erretratu bakoitzarekin elkarrizketa intimoa izan dezan, eta, bestetik, munduari buruz daukagun begiradaren eraikuntzan figura horiek daukaten rolari buruz hausnartu dezan. Erakusketaren izenburuak berak proiektu osoa inspiratzen duen metafora dakarkigu gogora: ipurtargiak, argia beren barrutik sortzen dutenak. Ildo horretatik, erretratatuetan ageri diren pertsonak erreferente gisa aurkezten dira, beren sormen-lanaren eta kulturarekiko konpromisoaren bidez ikuspegi berriak orientatzeko, laguntzeko eta sortzeko gai direnak. Egileak azaldu duenez, beren obra eta ibilbidea bizitzan zehar inspirazio iturri izan dituen pertsonei omenaldia egiteko asmoz sortu da proiektua. Beren hitzen, marrazkien, musiken, irudien, interpretazioen edo mugimenduen bidez, ezagutza, pentsamendu kritikoa eta errealitatea ulertzeko modu berriak sortzen laguntzen dute. Beren diziplinen berezko elementuak kenduta, "Ipurtargiak" erakusketako protagonistak dimentsio gizatiarrago eta funtsezkoago batetik agertzen dira kameraren aurrean, eta ikuslea gonbidatzen dute bakoitzak gizartean proiektatzen duen berezko argia deskubritzera. Erretratatuetan ageri diren pertsonen artean, panorama kulturaleko figura ezagunenetako batzuk daude. Erakusketak literaturako hainbat izen biltzen ditu, hala nola Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Kirmen Uribe edo Miren Agur Meabe; musikaren arloko Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Maite Arroitajauregi, Maite Larburu edo Ruper Ordorika; arte plastikoetako Mari Puri Herrero, Jesus Mari Lazkano edo Jose Ibarrola, eta arte eszenikoetako Ramon Barea, Maria Goiricelaya edo Eneko Sagardoy. Erakusketak beste esparru batzuetako erreferenteak ere biltzen ditu, hala nola dantza, Lucía Lacarra eta Igor Yebrarekin; argazkilaritza, Ricky Dávila edo Estela de Castrorekin; kirola, José Ángel Iribar, Joane Somarriba edo Juan Martínez de Irujorekin; eta pentsamendua eta dibulgazioa, besteak beste Juan Luis Arsuagarekin. Oro har, "Ipurtargiak" erakusketak sortzaileen mosaiko zabala osatzen du, zeinen ibilbideek gure inguruko bizitza kulturala eta soziala aberasten lagundu dute.

Ikusi jatorrizko iturrian