Agenda Euskal Herria
Itzuli agendara
"I'M BATH" (estreinaldia)
AntzerkiaKulturklik

"I'M BATH" (estreinaldia)

📅 2027(e)ko otsailaren 12(a), ostirala

🎭 Teatro Arriaga

📍 Bilbo, Bizkaia

🗺️ Ireki Google Maps-en

💶 18 €

Otsailaren 11n, emanaldi elebidunaren estreinaldia (euskera/gaztelania). «Nagoen espazioa naiz ni». Noël Arnaud Geltokiko komun bateko hormen testigantza sekretua da I’M BATH. Garbitzaileak jasotako istorioz eta pertsonaiez osatutako galeria: noizbehinkako bidaiariak, exekutiboak, maitaleak, trapitxeroak, jonkiak, despistatuak, harroputzak, babesgabeak, iheslariak… Gurutzatzen, erlazionatzen eta eraldatzen diren talka eta istorioak, bakarrak, baina elkarri eragiten diotenak: larrialdien denbora ezkutua, baztertuen gordelekua edo ustekabeko topaketa baten aurreko urrats iragankorra. Denak du usain bizia, eta arrotz egiten da horrelako leku arrunt eta bitxi batean. Geltoki bateko komunean: konketak eta ispiluak, kabinak eta komunak, xaboi-banagailuak, azulejuak, argi fluoreszenteak dardarka… Eta bestaldean, trenen marruma, irteerak eta iritsierak iragartzen dituen megafonia, ahotsak, maleten hotsa eta bidaiarien joan-etorriak; jendea atzera eta aurrera… eta aukeratuek atea zeharkatzen dute agertokira sartzeko. Joan-etorriaren egunerokotasuna apartekoa da beti, espazio liminala, topaketa errepikaezinak gordetzen dituen ezlekua. Ihes egiten duten bizitzak, eta paturik ez izateagatik trabatzen diren izakiak. Espazioa bizirik dago; agertokiak istorioak itxuraldatzen ditu. Eta inork ez daki nor izango den sartzen hurrengoa. Funtzio bakoitzeko 3 istorio eskainiko dira, Khea Ziater konpainiaren sorkuntza eszenikoko proiektu berri honetan. Lehen funtzioa osatuko duten istorioak eta bigarrenekoak ez dira berdinak izango. Fitxa artistikoan agertzen direnetatik 4 aktore izango ditu, gutxienez, funtzio bakoitzak. Fitxa artistikoa: Antzezleak: (funtzio bakoitzean 4, istorioen arabera) Arrate Etxeberria Txubio Fdez. De Jáuregui Sandra Fdez. Aguirre Aitor Borobia Jon Ander Urresti Lucia Astigarraga Miren Gaztañaga Testuak: Alex Gerediaga. Dramaturgia eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Eszenografia eta jantziak: Azegiñe Urigoitia. Argiztapena: Oier Ituarte. Espazioa eta proiekzioak: Javi Andraka. Argazkia: Son Aoujil. Bideoak: Jesus Pueyo. Ekizpena: Khea Ziater. Laguntzaileak: Teatro Arriaga. Estreinaldia Arriaga Antzokian.

Ikusi jatorrizko iturrian