
Dastatuarte 2026: egitaraua (Gorliz)
Dastatuarteren zazpigarren edizioa uztailaren 3tik 5era itzuliko da, eta, piezaz pieza, arte, gastronomia eta parte-hartze mosaiko handi bat osatuko du. 50 jarduera baino gehiago eskainiko dira adin guztietarako, ohiko zazpi guneetan: Elizako Plaza, Artegune-Gastrogue, Jose Antonio Agirre plaza, San Pedro Plaza, Ibarreta Plaza, Ondargana Kanpa eta Sertutxena. Edizio honetako protagonistetako bat Pintxo Lehiaketa izango da berriro ere. Parte-hartzaileek Pintxo Bonoa zigilatu eta uztailaren 5ean (igandea) arratsaldeko 16:00ak baino lehen bonua kutxa egokituetan utzi beharko dute. Horrez gain, tailer gastronomikoak, dastaketak, nekazal eta artisautza azoka, taloak, food truckak eta hainbat proposamen izango dira, guztiak ere tokiko zaporeekin, produktuekin eta hurbileko gastronomiarekin lotuak. Dastatuarteri forma ematen dion beste pieza bat bere programazio eszenikoa da. Ikus-entzuleek Alejandro Revuelta mentalistaren "Enigmas" mentalismo eta ilusionismo ikuskizunaz gozatu ahal izango dute, hirugarren Mentalismo Sari Nazionala jaso duena. Umorea Patri Muñozen eskutik helduko da eta familiek musika eta dantzat gozatu ahal izango dute "Sardina Freskue" ikuskizunarekin. Horrez gain, dantzak eta zuzeneko musikak beteko dituzte herriko kale eta txokoak asteburu osoan zehar. Sormena izango da beste protagonistetako bat. Egitarau zabala eskainiko du jaialdiak: haur eta familientzako jarduerak, sormen tailerrak, erakusketak, ipuin kontalariak, poesia errezitaldiak, zirku ikuskizunak eta kontzertuak. Proposamen aipagarrienen artean, Gerry Regitschnig Cirque du Soleil-eko clown-ak emandako tailerra dago. Sormena aztertzea, akatsari beldurra galtzea eta barruko clown-a deskubritzea ditu ardatz. Nazioarteko gastronomiarentzat ere lekua egongo da, Asiako sukaldaritza tailer batekin eta publiko guztientzako esperientzia sortzaileen eskaintza zabalarekin. Artea, komunitatea eta elkartasuna Baina Dastatuarteren funtsa definitzen duen pieza bat badago, herritarren parte hartzea da. Aurten ere Gorliz kolorez beteko da Gorlizko Ikastetxeko ikasleek, ludotekako haurrek, Gaztelekuko gazteek eta udal pintura ikastaroan parte hartu duten pertsonek egindako sorkuntzei esker. Bere lanek udalerriko hainbat txoko apainduko dituzte, kaleak aire zabaleko erakusketa kolektibo handi bihurtuz. Konpromiso sozialak ere bere tartea izango du jaialdiaren barruan. “Aurten, ohiko paella solidarioa Adela EH fundazioarentzat izango da, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) duten pertsonei eta haien familiei laguntzeko lan egiten duena”, nabarmendu du Fernando García Acha Merkataritza eta Turismoko zinegotziak. Elkartasun ekimena uztailaren 5ean izango da, 14:00etan, Elizako plazan. Izena emateko: Turismo Bulegoan Zenbait jardueretan parte hartzeko aurrez izena eman behar da presentzialki Gorlizko Turismo Bulegoan (Eloisa Artaza 1) ekainaren 19tik aurrera, telefono bidez (94 677 43 48 / 688 818 876) edo emailez (info@visitgorliz.eus). Informazio gehiago eta egitarau osoa: www.visitgorliz.eus/dastatuarte/¿. Dastatuarte 2026: egitaraua (pdf) Dastatuarte 2026: programazio laburra (pdf)
Ikusi jatorrizko iturrian →