Sobremesa - Lantegiak
2026(e)ko irailaren 12(a), larunbata
Donostia, Gipuzkoa
Entrada gratuita
Walker ikus-entzunezko hiru piezak osatutako instalazioa da, Tsai Ming-Liang (Sarawak, Malaysia, 1957) ospe handiko zinemagile taiwandarrak Tabakalerarako berariaz sortua. Proiektuak 2011an du abiapuntua; urte hartan, zine zuzendariak eta Lee Kang-Sheng aktoreak elkarrekin egin zuten lan Only You antzezlanean. Aktorea oso mantso zihoan sekuentzia batek liluratuta, gorputz-erritmo hori pantailara eramatea erabaki zuen Tsaik, gorputza munduko hainbat tokitan barna dabilen behatzaile bihurtuta. Zinemagilearen hitzetan, geldotasunaren bilaketa hori Xuanzang monje txinatarrarekin dago lotuta. Tang dinastiaren garaian, Txinako zibilizazioaren Urrezko Arotzat hartzen den garaian (VII. eta X. mendeen artean), monje hark milaka kilometro egin zituen Indiaraino, eskritura budisten bila. Orain, Lee Kang-Sheng aktoreak gorpuzten du monjearen bertsio garaikidea: ilea larru-arras moztuta, oinutsik eta tunika gorria soinean, pertsonaia hiri-paisaian barrena dabil, introspekzio sakonean. 2012az geroztik, Walker seriea handitu egin da eta hamar hiritan —Taipei, Hong Kong, Marseilla, Tokio, Paris, Washington DC eta Donostia, besteak beste— filmatutako hamabi lanek osatzen dute egun. Dust, seriearen azken filmazioa, Donostian egin zen 2025eko udan Tabakalerarekin lankidetzan, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztuko da 2026ko Donostia Zinemaldian. Filmazio-sorta hau, azken batean, amaigabeko bidaia da; munduari lasaitasunaren balio galdua itzultzeko behaketa-prozesu sakona. Aretoan erakusteko hautatu dituen hiru piezen bidez —No Form (2012), Walker (2012) eta Journey to the West (2014)—, Hong Kong, Taipei eta Marseillako kaleetan zehar begirada neurtu batekin ibiltzera gonbidatzen gaitu Tsai Ming-Liangek. Geldotasuna bertute bihurtuta, bizitzari aurre egiteko eta inguratzen gaituen hori behatzeko beste modu bat ikusarazten digu zinemagileak. Proiektu hau arte garaikidearen eta zinemaren arteko intersekzioa esploratzen duen Tabakaleraren erakusketa-ildoaren barruan kokatzen da.