
Dantzarte 2026
2026(e)ko irailaren 6(a), igandea → 2026 ira. 13(a)
Errenteria
Irailaren 6tik 13ra, dantzaren inguruko askotariko jarduerak eta ikuskizunak ekarriko ditu Errenteriara Dantzartek, diziplina artistikoaren dimentsio eta adierazpide anitzak herritarrengana hurbiltzeko. Hala azaldu dute gaur Aizpea Otaegi alkateak eta dantza aste honetan parte hartuko duten eragileen ordezkariek. Errenteriako Udalak dantzarekiko duen konpromisoaren erakusgarri izango da Dantzarte. Izan ere, egitaraua osatzerakoan, dantzaren ikuspegi eta esperientzia desberdinak hartzea izan da helburu nagusietako bat. Hala, astearen barruan dantza ikuskizunez gozatzeaz gain, dantzaldietan eta dantza tailerretan parte hartzeko, ate irekietako jardunaldietara gerturatzeko eta topaketa profesionaletan parte hartzeko aukera ere izango da. Programazioaren barruan, gainera, mugaz gaindiko bi jaialdi izango dira: Maitaldia, Malandain Ballet Biarritzek antolatuta, eta Dantza Hirian. Maitaldia jaialdiaren barruan, Ballet de l’Opéra Grand Avignonek Martin Harriagueren ‘Awen, the sacred veil’ ikuskizuna eskainiko du irailaren 11n, Lekuona Fabrikan. Dantza Hirian mugaz gaindiko dantza jaialdi ibiltariak, aldiz, hiru dantza pieza eskainiko ditu irailaren 12an, Herriko Plazan eta Zumardian. Horrez gain, beste formatu batzuk ere jasoko dira: ‘Malandain, amodioa gorpuzten denean’ filma ikusteko aukera izango da, eta Lekuona Fabrikan dantzarekin lotutako liburu-txoko bat ere jarriko dute. Modu horretan, Dantzartek dantzaren ahalik eta dimentsio gehien erakusteko ahalegina egin du, sorkuntzatik eta ikuskizunetik hasi eta parte-hartzera, prestakuntzara, profesionalen arteko topaketetara eta hausnarketara iritsiz. Aizpea Otaegi alkatearen hitzetan, “dantza Errenteriako kultur nortasunaren parte da, eta Dantzartek urte osoan zehar egiten den lan hori herritarrengana eramateko aukera emango digu. Gainera, bereziki azpimarratu nahi izan dugu dantzaren inguruan dugun sarearen indarra. Dantzarte ez da soilik ikuskizunak eskaintzeko aste bat: parte hartzeko, ezagutzeko, sortzeko eta elkarrekin gozatzeko topagunea izatea nahi dugu”. Alkateak, era berean, eskerrak eman dizkie euren ekintzekin egitaraua osatu duten eragileei: Maitaldia, Dantza Hirian, Badalab, Ozzinema, Dantzagunea, Ereintza Dantza Taldea, Katapulta Plataforma, Agustinak Zentroa, Herri Arte Eskola eta Beti Prest. Irailaren 6tik 13ra, Dantzartek Errenteria dantzaz beteko du. Herritar guztiak gonbidatuta daude egitarauaz gozatzera eta, ikuskizunen ikusle izateaz harago, dantzaren inguruko proposamen eta jardueretan parte hartzera. Egitarau osoa herribizia.errenteria.eus/dantzarte web orrian aurki dezakete interesdunek. Dobla proiektua Errenteriako Udalak, gainera, dantzaren sektorearekiko duen konpromisoa beste urrats batekin indartu du azken urtean, Dobla mugaz gaindiko proiektuan parte hartuz. Europar Batasunak Interreg POCTEFA programaren bidez babestutako proiektu horren bidez, Pirinioetako bi aldeetako dantza-eragileen arteko lankidetza sustatu eta sektorea indartu nahi da, sorkuntza, prestakuntza eta elkarlana bultzatuz. Doblaren baitan, eta Dantzarteren markoan, Errenteriak proiektuaren geldialdi berezia hartuko du, topaketa profesional bat egingo baita. Hitzordua irailaren 9an izango da, Agustinak Zentroan, 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 16:30era, “DOBLA-ARTIK Topaketa Profesionala: Nola definitzen dugu dantzaren sektorea?” izenburupean. Topaketak dantzaren sektoreko profesionalen eta eragileen arteko elkartrukerako, hausnarketarako eta eztabaidarako gunea eskainiko du, dantzaren esparruaren definizioaren eta egungo erronken inguruan. Topaketa profesionalean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da dantzagunea@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan. Gainera, sare honen kide izateak Eneka Bordato Hazparneko dantzariaren “FLA FLA FLA” ikuskizuna Lekuona Fabrikara ekartzea ahalbidetu du. Irailaren 10ean izango da, 18:00etan.