Utopiak, distopiak, atopiak eta mundua irudikatzeko beste -topia batzuk
2026(e)ko irailaren 16(a), asteazkena
Donostia, Gipuzkoa
*Distopia: fikzio espekulatiboetan pertsonen eskubide, askatasun eta ongizatea erruz mugatzeagatik nabarmentzen den kontrolpeko gizarte egitura. Utopiaren kontrako eredua. Iradokitzaileak eta interesgarriak izateaz gain, kontakizun distopikoak eraginkorrak izan ohi dira gure gizarteak hobeto ulertzeko eta izan ditzaketen etorkizunak aurreikusteko —gure gustukoak izan ala ez—. Gaur egun indarrean ditugun egitura soziopolitiko, ekonomiko, teknologiko edo kulturaletako zenbait elementu hartu, eta asmatutako testuinguru batean txertatuz edo beste modu batean uztartuz, daukagunaren kritika egin dezakegu, logika berriak aurkitu eta nora eraman gaitzaketen hausnartu. Eta, bide batez, dibertitu ere egin gaitezke, ariketa are eraginkorragoa eginez. Gogoan izango ditugu denok Metropolis, 1984, Blade Runner, Watchmen, Farenheit 451, Bai mundu berria, Neskamearen ipuina, Azken saria, Artxipielagoa, Ubik… Ubik liburutegiak ateak ireki zituela hamar urte bete direla aprobetxatuz, Iban Zalduaren Si Sabino viviría eleberria argitaratu zenetik hogei urte inguru igaro direla eta berrargitaratu egin dela kontuan hartuz, eta Atopia RPG rol-joko aitzindaria izugarri gustatzen zaigula gogoratuz, ospatzeko zenbaki biribilik ez badugu ere (zergatik ez?), solasaldi bat antolatu da Medialab Tabakaleran, mota honetako kontakizunen beharraz hausnartzeko. Iban Zaldua idazlea bera eta Atopia RPG sortu zuen taldeko kide izan zen Eneko Olazabal izango dira solaskide eztabaida honetan. Mota honetako lanetan murgiltzera bultzatu zituzten kezkak gogora ekarriko dituzte, eta, beren lanak sortu, zabaldu eta partekatzean bizitako esperientzietatik abiatuta, eredu horrek gaur egun duen indarrari buruz duten iritzia ere azalduko dute. Saioa euskaraz izango da.