Zerdago
Itzuli agendara
"Zabalguneak Euskadin: Trazatutako edozein garai hobea izan al zen?"
ErakusketaKulturklik

"Zabalguneak Euskadin: Trazatutako edozein garai hobea izan al zen?"

2026(e)ko uztailaren 15(a), asteazkena → 2026 ira. 27(a)

Donostia, Gipuzkoa

Trazatutako edozein garai hobea izan al zen? Manuel de Solà-Morales hirigileak bere buruari egin zion galdera horrek laburbiltzen du gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan aurkeztu den “Zabalguneak Euskadin” erakusketaren helburua. Erakusketa irailaren 27ra arte egongo da ikusgai, eta Institutuak Santa Teresa komentuan hartuko duen azkena izango da, udazkenean Tabakalerako hirugarren solairura lekualdatu aurretik. Luis Tena Núñez komisario duen erakusketak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Europako hirietan garatutako hiri-hedapeneko proiektuak jartzen ditu balioan. Harresiak eraistean askatutako lurra aprobetxatzeko eta etengabe hazten ari zen biztanleria hartzeko sortu ziren zabalguneak, hiri historikoak ez zituen bizigarritasun eta bide-loturak eskainiz. Gaur egun ere, zabalgune hitzak prozesu haren ondorioz eraikitako hirigunea izendatzen du. Ildo horretan, XIX. mendeko zabalguneak Europako hiri modernoaren eragiketa urbanistiko garrantzitsuenetako bat izan ziren. Hazkunde demografikoari eta industrialari erantzuteaz gain, hiriaren hedapena ulertzeko modu berri bat ezarri zuten, plangintzan, higienearen printzipioetan, mugikortasunean eta trazaduraren erregulartasunean oinarritua. XX. mendearen zati handi batean, Mugimendu Modernoaren korpus kritikoak baztertu egin zituen XIX. mendeko zabalguneak, hiri-forma zaharkitutzat jotzen baitzituen, hiri burges eta industrialarekin lotuta. Etxadi itxia, kalearen jarraikortasuna eta erabileren nahasketa urbanismo funtzionalistaren printzipioek ordezkatu zituzten: zonifikazioa, bloke isolatuak eta funtzioen bereizketa. Hala ere, erakusketak jasotzen duen bezala, ikuspegi hori kritikoki berrikusten hasi zen 1970eko hamarkadatik aurrera. Manuel de Solà-Morales bezalako egileek zabalguneak ehun urbano malgu gisa aldarrikatu zituzten, egitura galdu gabe behar berrietara egokitzeko gai zirenak. Berreskuratze horrek paradigma aldaketa ekarri zuen: lehendik zegoen hiria ordezkatu beharrean, hura birgaitzearen eta heredatutako hiri-formaren indarraldia aitortzearen alde egin zen. Horrela, erakusketak zabalgunea aberastasun formal, espazial eta funtzional handiko hiri-eredu gisa berrirakurtzea proposatzen du, gaur egungo etxebizitza eta hiria pentsatzeko eta proiektatzeko erreferentzia izaten jarraitzen baitu. Informazio gehiago: eai.eus