Zerdago
Itzuli agendara
Irun Zuzenean Festibala 2026
MusikaKulturklik

Irun Zuzenean Festibala 2026

2026(e)ko urriaren 3(a), larunbata → 2026 urr. 31(a)

CBA - Centro de Cultura y Creatividad (Irun)

Irun

Irun Zuzenean Zikloko bederatzigarren edizioak bederatzi kontzertu izango ditu urriko larunbatetan zehar. Huecco eta Carlos Sadness izango dira gaur bertan aurkeztutako kartelaren goiburu. Iaz formatua aldatu ondoren izandako arrakasta ikusita, Irungo Udalak itzal handiko izenez betetako kartela ekartzeko apustuarekin jarraitzen du. Edizio honetan, iaz bezala, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko Irun Zuzenean sala izango da eszenatoki nagusia. Edizio honek abeslari eta talde handiak izango ditu, hala nola Jimena Amarillo, Biznaga, Pipiolas, La Paloma, La Habitación Roja, Garazi eta Amaia Miranda. Askotariko aukera hauei esker, Irun erreferentea izango da berriro ere eskualdeko musikaren esparruan. Kontzertuak, esan bezala, urriaren larunbatetan izango dira; hots, 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n. Gehienak CBAko Irun Zuzenean Salan izango dira, Huecco artistaren hasierako doako kontzertua izan ezik, San Juan plazan izango da eta. Sarrerak gaur bertan (abuztuak 7) egongo dira salgai, 15:00etatik aurrera, udal-webgunean. Irun Zuzenean salari esker, proposamen egonkorragoa, anitzagoa eta kalitate handiagokoa gauzatu ahal izango da, bai eta presentzia eta garrantzi handiagoa eman ere zuzeneko musikari. Modu horretan, zikloaren programaren oinarrizko balioak sustatuko dira, hots, hiritarrei zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ematea, eta ospe handiko zein euren ibilbidea hasten ari diren artistak uztartzea. 2026ko edizioko programa Urria musikaz josita egongo da, tokiko artistei zein estatuko musikariei esker. Hileko bost larunbatetan zehar zuzeneko musikaz gozatu ahalko dugu, orotariko estiloekin: rock-a, pop alternatiboa, folk-a, musika elektronikoa edota indie-a. Programa urriaren 3an abiatuko da, Huecco artistaren doako kontzertu batekin San Juan plazan. Iván Sevillano-ren bakarkako proiektua da, non estilo-nahasketa nagusitzen baita: rock-a, runba, reggae-a, ska, erritmo latinoak eta musika mestizoa, hain zuzen. Nahasketak izaera berezia eta ezaguterraza ematen dio haren musikari, zuzenean entzuteko pentsatutakoa. Urriak 10 gazteen txanda izango da, GazteARTEan zerbitzuaren eskutik, Jimena Amarillo eta Biznaga musikariekin. Jimena Amarillo Espainiako pop-aren ahots nabarmenenetarikoa bilakatu da azken urteotan. Musikari valentziarrak indie-a, musika elektronikoa eta pop garaikidea uztartu egiten ditu, eta kontzertuetan publikoarekin duen gertutasunari esker, espazio intimoa sortzen da entzuleentzat. Bestalde, Biznaga talde madrildarra Espainiako punk rock modernoaren talderik garrantzitsuenetarikoa da egun. Eszenaratze sendoari eta kontzertu sutsuei esker, talderik errespetatuenetako bat bilakatu da Espainiako musika independentearen munduan. 17an ekintza bikoitza egongo da berriro ere Irun Zuzenean salan. Alde batetik, Pipiolas artista-bikotea egongo da. Pare hau eroso sartu da musika independentearen zirkuituan, indie popa, dream popa eta musika elektronikoaren zertzelada txikiak batzen dituen estilo originalari esker, zeinarekin argizko giroa eta oso melodia zainduak dituzten abestiak sortzen baitituzte. Bestetik, Carlos Sadness dugu, indie pop espainiarraren izenik ezagunenetarikoa azken hamarkadotan. Abeslari, konpositore eta ilustratzaile honek oso unibertso artistiko pertsonala eraiki du. Bertan, musika zein irudiak nortasun sortzaile berberaren parte dira, popa, folka eta elektronika izanik oinarri. Urriaren 24an La Paloma eta La Habitación Roja taldeak izango ditugu salan. La Paloma taldea rock alternatiboaren proposamen bizienetarikoa da egun. Haren soinuak 90. hamarkadako rockaren gitarra-soinua berreskuratzen du, baina zantzu erabat modernoa ematen dio. Bestalde, La Habitación Roja taldeak 30 urteko ibilbidea du jada, eta Espainiako indie rockaren izen ezagunenetarikoa da. Gitarra melodikoz eta letra sakonez blaitutako abestiek askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola maitasuna, urteen joana, memoria, edo alaitasunaren bilaketa eguneroko bizitzan. Azkenik, urriaren 31n, azkeneko larunbatean, Garazi Esnaolak pop alternatiboa, indiea eta musika elektronikoa ekarriko ditu gure hirira. Euskal artisten belaunaldi berriaren parte, Garazik eta beste hainbat emakumek proposamen berritzaileak, gertukoak eta modernoak eskaintzen dizkigute. Haren ondoren, eta zikloarekin amaitzeko, Amaia Miranda edukiko dugu salan. Folk garaikidearen, giro-musikaren eta soinu esperimentalaren arteko mugarekin jolasten du haren musikak. Hala, poparen ohiko egiturez urruntzen da, esperientzia murgiltzaileak sortzeko, non soinu bakoitza protagonista izan daitekeen. Hona hemen programaren egutegia, sinplifikatuta: Urriak 3: Huecco. Urriak 10: Jimena Amarillo eta Biznaga. Urriak 17: Pipiola eta Carlos Sadness. Urriak 24: La Paloma eta La Habitación Roja. Urriak 31: Garazi Esnaola eta Amaia Miranda. Sarrerak eta txartelak Irun Zuzenean salan izango diren kontzertuen sarrerak gaur bertan erosi ahalko dira, 15:00etatik aurrera, udal-webgunearen bitartez. Prezioak hurrengoak izango dira: Urriak 3: Huecco - Doakoa. Urriak 10: Jimena Amarillo eta Biznaga - 5,65 euro (GazteARTEaneko prezio berezia). Urriak 17: Pipiola eta Carlos Sadness - 20 euro - 14 euro hobariduna. Urriak 24: La Paloma eta La Habitación Roja - 16 euro / 11 euro hobariduna. Urriak 31: Garazi Esnaola eta Amaia Miranda - 10 euro / 7 euro hobariduna. Berritasun gisa, aurten kontzertu guztietara joateko txartelak erosi ahalko dira, prezio ekonomikoagoan: txartela orokorra, 40 euroan, eta txartel hobariduna, 30 euroan langabetuentzat, 14 urtetik beherakoentzat, gazte-txartela duten gazteentzat eta familia ugariko txartela dutenentzat. Irun Zuzenean gunea Zuzeneko musikaren aldeko apustua CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroaren ardatzetako bat da, eta, ildo horretatik, Irun Zuzenean izeneko aretoa du. Auditorium moldakor horrek askotariko diziplina artistikoetako proposamenak eskaintzen ditu, eta nolanahiko publikoekin konektatzeko programazioa antolatzeko erabil daiteke. Kontzertuak, ikus-entzunezko instalazioak, dantza ikuskizunak... Aretoaren konfigurazioari esker, askotariko proposamenetara egokitu daiteke: zutikako 385 pertsona kabitzen ditu, eta, agertoki klasikoa muntatzen denean, 157 eseri, eta, besaulki mugikorren bidezko sistemari esker, agertokia erdian jarri ere egin daiteke. Irun Zuzenean Festibala Irun Zuzenean Festibala Irun Rock festibaletik sortu zen. Bidasoaldeko musika-munduko jardunaldirik aipagarrienetako bat da, eta oso kartel nabarmengarriak proposatzen ditu, ibilbide luzea egin duten artista eta taldeak eta musikari berriak elkartuta.