Zerdago
Itzuli agendara
Cultur-Izan 2026: egitaraua
MusikaKulturklik

Cultur-Izan 2026: egitaraua

2026(e)ko abuztuaren 29(a), larunbata → 2026 urr. 31(a)

Iruñea, Nafarroa

Cultur Izan, herri-musika, dantza eta ahozko adierazpenak babesteko programa, abuztuaren 29tik urriaren 31ra bitartean egingo dute. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak sustatzen du 2023az geroztik, eta Museoen Zerbitzuak koordinatzen du. Aurten, helburua tradizioa bere adierazpen eta eraldaketa anitzetan babestea da, herri-adierazpen gisa duen oinarritik hasi eta gure iragan kulturala estilizatu, gogora ekarri eta berpizten duten proposamenetaraino. Laugarren edizio honetan, programak kultura tradizionalean diharduten Nafarroako erakunde eta elkarteen proiektuak babestu eta errazteko helburuari eusten dio; horietako zortzirekin oso izaera desberdineko hamar jarduera programatu dira. Horiei izaera profesionaleko bi prestakuntza-tailer gehituko zaizkie: bata albokari buruzkoa, Juan Mari Beltranen eskutik, eta bestea Trémolo taldearekin, errondailak osatzen dituzten zurezko mihi batez jotzen diren harizko instrumentuen ingurukoa. Helburua tradizioa prestakuntzarekin, bitartekaritzarekin eta berrikuntzarekin uztartzea da kultura tradizionalaren esparruan, programari prestakuntza- eta performance jarduera nabarmenak gehituz. Esparru horretan, beste urte batez, Cultur Izanek Estatu mailako musika mainstreamaren esparruko artista bat gonbidatzen du, tradizioan sustraitutako artista bat, publikoarekin parteka dezan ondare hori ikuspegi garaikidetik ulertzeko eta lantzeko duen modua. Aurten, Rocio Marquez flamenko-artistak emango du eskola magistrala Musikaren Hiriko auditoriumean, urriaren 28an. Jotak eta bertsolaritzak, biak ere kultura-ondasun immaterial gisa Kultur Intereseko Ondasun izendatutako adierazpenak, ohi bezala, presentzia nabarmena izango dute programan. Jotari dagokionez, Navarjota elkartearen ‘Herencia viva de la jota’ ikuskizuna eskainiko da Castejonen, Maribel Muñozen figuraren inguruan, baita ‘La jota de Navarra: tradición, esencia y emoción’ ere, Andosillako Auroroen Abesbatzaren eta Valtierra Jota Eskolaren eskutik. Bestalde, Bertsondare zikloaren proposamen berri batek Saioa Alkaiza eta Julio Soto Nafarroako txapeldunak bilduko ditu, Nafarroako Museoan ikusgai dagoen ondarearen eta Erronkariko Julian Gayarre Etxe-Museoan artzaintza tradizionalaren inguruan beren bertsoak aurkezteko. Nafarroako ‘Julio Caro Baroja’ Museo Etnologikoak protagonismo bikoitza izango du Cultur Izan 2026 programan. Alde batetik, Juan Mari Beltran musikologoak eta haren ‘Juan Mari Beltran Laukotea’ taldeak hitzaldi-kontzertua eskainiko dute Lizarrako Musika Eskolan, museoaren bildumako zenbait musika-tresna erabiliz; besteak beste, alboka, sunprinua, txistua eta gaita. Irailaren 5etik aurrera, Julian Gayarre Etxe-Museoak hartuko du ‘Territorios pastoreados / Artzaintzako lurraldeak’ erakusketa; urriaren 31tik 2027ko urtarrilaren 17ra bitartean, berriz, Tuterako Muñoz Sola Arte Modernoko Museoan izango da ikusgai. Formatu txikiko erakusketa honen abiapuntua NBEk 2026a Larreen eta Artzainen Nazioarteko Urte izendatu izana da, artzaintzari lotutako kultura materiala eta immateriala erakusteko. Artzaintza, testuinguru honetan, lurraldearen ustiapen tradizionalari lotutako abereen mugimendu estrategiko gisa ulertzen da. Nafarroako ‘Julio Caro Baroja’ Museo Etnologikoak artzain transhumanteek egindako eta erabilitako zenbait pieza gordetzen ditu bere bildumetan, baita antzinako jarduera horren egoera iragan hamarkadetan zein gaur egun islatzen duen ikus-entzunezko material ugari ere. Gaur egun, jarduera hori berreskuratzeko ahalegina egiten ari da, klima-aldaketaren eta eskuragarri dauden baliabideen aurrean aukera erresiliente gisa. Lehen aldiz, erakusketa bi egoitzatan izango da ikusgai, Erronkariarren Errege Abelbidearen bi mutur geografikoetan. Abelbide hori Foru Komunitateko transhumantzia-ibilbiderik adierazgarriena da, eta Pirinioak eta Errege Bardea lotzen ditu. Cultur Izan 2026k, guztira, 14 jarduera proposatzen ditu ahozko adierazpenen, dantzaren, musika instrumentalaren, ahots-musikaren eta abesbatzen esparruetan, baita prestakuntza-tailerrak, kontzertuak eta erakusketak ere. Jarduerak Foru Komunitateko 11 udalerritan egingo dira: Iruñea, Tutera, Erronkari, Zangoza, Lizarra, Andosilla, Castejon, Monteagudo, Artaxoa, Elortzibar eta Leitza. Programa osatu ahal izan da udalen lankidetzari esker, beren eszenatokiak eta musika-eskolak laga baitituzte, baita beste erakunde batzuen laguntzari esker ere, hala nola Nafarroako Museoa, Nafarroako ‘Julio Caro Baroja’ Museo Etnologikoa, Julian Gayarre Fundazioa, Tudela Cultura EPEL eta Hezkuntza Departamentuko Musikaren Hiria. Programa abuztuaren 29tik urriaren 31ra bitartean garatuko da, ‘Territorios pastoreados / Artzaintzako lurraldeak’ erakusketa izan ezik, 2027ko urtarrilera arte luzatuko baita. Jarduera guztietarako sarbidea doakoa izango da; ikuskizunetan sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta prestakuntza-tailerretan aldez aurretik izena eman beharko da Cultur-Izan 2026: egitaraua (pdf)