
"Emakume Zamaketariak: Ikusarazi beharreko lanbidea"
2026(e)ko uztailaren 23(a), osteguna → 2026 aza. 1(a)
Museo del Pescador
Bermeo
Gratis
Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea erakusketak mendeetan zehar Bizkaian salgaiak zamalanetan aritu ziren emakumeei omenaldia egiten die. Historiak ikusezin bihurtu baditu ere, haien ahalegina eta lana funtsezkoak izan ziren lurraldearen merkataritza- eta ekonomia-garapenean. XVI. mendetik 1950eko hamarkadara arte hainbat emakume belaunaldik egin zuten lanbide haren memoria berreskuratzen du erakusketak. Agiri ofizialen, argazkien, ilustrazioen, prentsako artikuluen eta artelanen erreprodukzioen bidez, gutxi ezagutzen den errealitate bat ezagutarazten du, eta Euskal Herriko ekonomiari ekarpen erabakigarria egin zioten emakumeei aurpegia jartzen die. Erakusketa Amaia Apraiz Sahagún eta María Romero Vallejok egindako ikerketaren emaitza da. Ikerketa hori Zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea. Salgaiak zamalanetan aritzen ziren emakumeak liburuan argitaratu zen, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ekoitzi dute erakusketa. Ahanzturan geratutako lanbide hau berreskuratzeaz gain, proiektuak emakume horien lana eta ekarpena aldarrikatzen ditu, mendeetan zehar ezkutuan egon den historiaren zati bati merezitako aitortza emanez. Liburuaren egileen hitzetan, zamaketari izateak pobreziaren eta bazterkeriaren mugan bizitzea esan nahi zuen, eta emakume izateagatik zein egiten zuten lanagatik askotariko indarkeriak onartzen zituen gizarte batean bizitzea. Ikerketa egiteko Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoko, Bilboko Udal Artxiboko, Euskadiko Artxibo Historikoko, Bilboko Portu Agintaritzako, Sancho el Sabio Fundazioko, Euskal Museoko eta Bilboko Arte Ederren Museoko funts dokumentalak erabili dira. Erakusketan ikusgai daude, besteak beste, Eulalia Abaitua y Allende-Salazar, Pedro Telesforo de Errazquin Astigarraga eta Germán Elorza Arrietaren argazkiak; Luis Paret y Alcázarren eta Juan Eustaquio Delmasen lanen erreprodukzioak; baita garaiko egunkarietan —El Cantábrico eta El Liberal, besteak beste— argitaratutako dokumentu ofizialak eta prentsako artikuluak ere.