
Erakusketa ARTIUM-en: "Jumana Manna. Foragers"
2026(e)ko irailaren 17(a), osteguna → 2026 aza. 15(a)
Artium Museoa
Gasteiz, Araba
Artium Museoak Jumana Manna (Princeton, AEB, 1987) artista palestinarraren Foragers (2022) filma aurkezten du, mugimenduan dagoen irudiak erakusketen esparruan duen lekua esploratzen duten praktika zinematografiko eta artistikoei eskainitako Z Aretoaren programaren barruan. Foragers-ek Palestina/Israelgo landare basati jangarrien bilketaren inguruan gertatzen diren dramak erakusten ditu, umore ironiko eta erritmo meditatiboarekin. Golango Gainetan, Galilean eta Jerusalemen filmatuta, fikzioa, dokumentala eta artxiboko irudiak erabiltzen ditu natura babesteko Israelgo legeek ohitura horiei nola eragin dieten erakusteko. Murrizketek debekatu egiten dute ’akkoub-a (alkatxofaren antzekoa) eta za’atar-a (ezkaia) biltzea, eta hori dela eta, landare autoktono horiek biltzen ari zirela atxilotutako ehunka pertsonari isunak eta epaiketak ezarri zaizkie. Palestinarren ustez, beren lurraz are gehiago gabetzeko bidea ematen duten legeak zuritzeko bestetarako ez dira erabiltzen arrazoi ekologiko horiek; estatu okupatzailearen ordezkariek, berriz, beren ezagutza zientifiko espezializatuak eta babesteko betebeharra azpimarratzen dituzte. Landareei naturatik sukaldera jarraituz, patruila ekologikoek biltzaileei egiten dieten jazarpenetik auzitegietako defentsaraino, Foragers filmak tradizio horiek gorpuzten dituzten poza eta jakinduria jasotzen ditu, eta baita debeku-legearen aurrean duten erresilientzia ere. Kontserbazioaren baldintzak eta murrizketak beste ikuspegi batetik aurkeztean, filmak iraungipenaren politikari buruzko gaiak planteatzen ditu, hau da, nork erabakitzen duen zer iraungiko den eta zerk jarraituko duen bizitzen.