
Sarrerak Niko Etxart (azaroak 21 - Getxo)
2026(e)ko azaroaren 21(a), larunbata
Muxikebarri - Centro de Arte, Cultura y Congresos de Getxo
Getxo
10 €
Euskal publikoak hitzordu bikoitza du azaroan Niko Etxarten ondare oparoa ospatzeko; euskal rock-and-rollaren aitzindariak bi kontzertu egingo ditu, azaroaren 21ean Getxon (Muxikebarri, 20:00) eta azaroaren 28an Donibane Lohizunen (Tanka, 20:00), 50 urtetik gorako ibilia gogoratu eta ospatzeko. Getxoko kontzerturako sarrerak uztailaren 27tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturaren ohiko saltokietan. Ospakizun berezi honetan, Zuberoako musikariak gonbidatutako artista talde zabala izango du alboan. Oholtzan lagun izango ditu Hapa-Hapa taldea, 1980ko hamarkadaz geroztik bere ohiko taldea; Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberri, Zuberoako kantu tradizionalaren adierazleak; Anje Duhalde, euskal folkaren eta rockaren izen handietako bat; Xabaltx kantautorea, euskarazko kultur eszenako erreferentea, eta Anne Bidalun abeslaria. Haiekin batera ariko dira Xabi Leon teklatu-jotzailea, Etxarten ohiko kolaboratzailea; Süne, Huntza taldeko abeslari izandakoa eta gaur egun bakarkako ibilbidean murgilduta dagoena; Pello Artabe, Eskean Kristö taldeko abeslaria; eta Getxoko ordezkari gisa, Irantzu Garamendi, folkari lotutako abeslari, flauta-jotzaile eta konpositorea, eta Ainhoa Aranburu, Bidean Erromeriako klarinete-jotzaile eta abeslaria. Saioak Niko Etxarten ibilbideko kanta esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu, Zuberoako doinu tradizionalekin eta ekitaldirako propio prestatutako lankidetzekin uztartuta, euskal musikaren aberastasuna eta aniztasuna agerian utziko dituen proposamen artistiko batean. Gainera, Euskal Telebistak grabatuko du emanaldia artista zuberotarrari egingo zaion omenaldia ETB ON plataforman ikusgai jartzeko eta horrela ‘Iparra Galdu Gabe’ ekimenaren 25. urteurrenaren ospakizuna publiko zabalago batengana iritsiko da. Halaber, Iparraldeko publikoak beste zuzeneko emanaldi batez gozatzeko aukera izango du Donibane Lohitzuneko Tanka aretoan, azaroaren 28an.