Zerdago
Itzuli agendara
Erakusketa ARTIUM-en: "I Baschi alla Biennale 1976/2026"
ErakusketaKulturklik

Erakusketa ARTIUM-en: "I Baschi alla Biennale 1976/2026"

2026(e)ko azaroaren 26(a), osteguna

Artium Museoa

Gasteiz, Araba

2026an berrogeita hamar urte beteko dira euskal artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek parte hartu zuela Veneziako Bienalean, 1976ko urrian antolatutako jardunaldi batzuetan. Amnistia denontzat izenburuko jardunaldi haiek, ordezkaritza instituzional sendo bat eduki ordez, gogoa eta konpromiso politikoa uztartzen zituen bulkada kolektibo batetik abiatuta sortu ziren, adierazpen publikorako hainbat forma egituratuz. Francisco Franco diktadorearen heriotzaren osteko trantsizio politikoaren garai historikoan, handia zen eskaera demokratikoak egiteko eta historikoki baztertutako errealitate kulturalak ikusarazteko beharra, eta hori dela eta, Venezia nazioartean proiekzioa zuen eszenatoki bihurtu zen. Hura gertatu eta berrogeita hamar urtera, azterketa-kasu honen berrikuspenaren bitartez ez da gertakari hura modu linealean berreraikitzea proposatzen; aitzitik, hartara hurbiltzea bilatzen da, baina hura posible egin zuten baldintzei eta egungo erresonantziei erreparatzeko gai izango den begirada garaikide batetik. Denborak eskaintzen duen distantziari esker, 1976ko Bienalea ez da ulertzen gertakari isolatu gisa, inflexio-puntu gisa baizik, kultura-bilbeak finkatzeari eta eraldatzen jarraitzen duen iruditeria kolektiboa eratzeari dagokionez. Testuinguru honetan, azaroaren 26an Artium Museoak maiatzaren 6tik 8ra Veneziako Contarini Jauregian ikusgai egon zen azterketa kasuaren proiektu zabalago bat aurkeztuko du. Bertan bildu ziren Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968), Jose Mari Zabalaren Axut (1975), Jose Angel Rebolledoren Arriluce (1971-1975) eta Jose Antonio Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968-1970), bai eta Artze anaien soinu-zati bat ere, Ikimilikiliklik musika eta ikus entzunezko ikuskizunean parte hartu zuena Mikel Laboaren eskutik. Pieza horiekin batera Artium Museoaren bildumako bi margolan egon ziren. Mari Puri Herreroren Juicio de Burgos (manifestación) (1971) eta Damaris Panen Dobla (2021). Era berean, Tripak kolektiboaren (Marina Suárez, Natalia Suárez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarena) eta Itziar Okariz artistaren performanceak aktibatu ziren. Proiektu honen bitartez, museoak berretsi egiten du memoria, artxiboa eta ikerketa bere misio instituzionalaren erdigunean jartzeko borondatea, jakitun baita iraganaren irakurketa kritiko eta konplexu batetik abiatuta soilik eraiki daitezkeela orainaren erronkei aurre egiteko gai izango diren tresnak. I Baschi alla Biennale 1976/2026 Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako proiektu baten esparruan egin da, Artium Museoaren eta Ca’ Foscari Venezia Unibertsitatearen laguntzarekin, Artingeniumen babesarekin.