Zerdago
Itzuli agendara
"Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera"
ErakusketaKulturklik

"Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera"

2026(e)ko uztailaren 22(a), asteazkena → 2026 abe. 31(a)

Ekainberri

Zestoa

Uztailaren 22tik eta abenduaren amaierara arte ikusgai dago "Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera" erakusketa, Ekainberriko Euskal Herriko labar artearen erakusketa gelako liburutegi eremuan. Torreko hodiaren aurkikuntzaren 60. urteurrena dela eta, erakusketak Goi Paleolitoko arte higigarriaren pieza esanguratsuenetako bat gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Duela 60 urte Oiartzungo Torre haitzuloan aurkitutako Torreko hodia Paleolitoko arte higigarriaren adibide berezia da. Zanga baten (Morus bassanus) hezurrez egindako hodi natural bat da, duela 12.000 urte inguru grabatutako animalia irudiak, giza irudikapen bat eta hainbat zeinu dituen pieza aparta. Bere apainduraren aberastasunagatik eta kontserbazio egoeragatik, Madeleine aldiaren bukaerako adierazpen artistiko garrantzitsuenetako bat da. Aldi baterako erakusketa honen bidez, Ekainberrik pieza berezi honen historia, ezaugarriak eta ikerketa zientifikoak publiko orokorrari modu ulergarri eta erakargarrian hurbiltzen dizkio. Erakusketak Torreko hodia zer den, zer irudi dituen, nola grabatu zuten eta zertarako erabili izan zitekeen azaltzen du, gaur egun oraindik ere adituen artean eztabaidagai diren interpretazio nagusiak aurkeztuz.