
"Aireratzea: exokapitalismoaren teoria bat"
2026(e)ko urriaren 14(a), asteazkena
Tabakalera
Donostia, Gipuzkoa
Gratis (inscripción)
Nola azaltzen da airelineek eserlekuak saltzeari utzi izana aireportuetan bezero-txartelak eta itxarote-denborak saltzeko? Edo datu-zentro berri baten eraikuntzaren iragarpenak eraikuntzak berak baino etekin handiagoak sortzea? Exokapitalismoak —exo hitzak «kanpotik» esan nahi du— kapitala soziogenikoa ez izateko aukera planteatzen du. Hau da, kapitalak baliabide materialetatik eta lan-indarretik aldentzeko joera duela; softwarea, arretaren ekonomia eta finantzaketa gurutzatua bezalako prozesu abstraktuagoen bidez. Gizarte-zientzietatik abiatu beharrean, Alonso Trilloren eta Poliksen tesiak sistema kapitalistaren parte diren eragileak eta haien artean sortzen diren harremanak aztertzen ditu, eraginkortasunik eza balio bihurtu dela proposatzeko. Horren bidez, kapitalismoari egindako kritika tradizionala agortuta dagoela ohartarazten dute, eta benetako alternatiba bat planteatzeko garaia iritsi dela. Aurkezpenean, AAren garapena eta inbertsio astronomikoei buruz etengabe egiten diren iragarpenak hartuko dituzte adibidetzat, ekonomia bitxi horretan datu-zentroek azpiegitura-inbertsio izateari utzi eta mailegu-kontratuak, zorrak eta fikzio espekulatiboak biltzen dituzten finantza-artefaktu bihurtu direla azaltzeko. Exokapitalismoaren teoria eztabaidagarri hori Becoming Pressek argitaratu zuen 2025ean, eta duela gutxi Caja Negrak gaztelaniara itzuli du. Teoriak askotariko erreakzioak eragin ditu, besteak beste, artearen teoriaren, teknologiaren filosofiaren eta ekonomia-zientzien esparruetan. POV digitaltasunari buruz hausnartzeko espazio bat da. Ikerketa eta proiektu artistikoen bidez, funtsezko figurekin hitz egiten dugu, kultura digital garaikideak sortzen dituen fenomenoak, mirariak eta hondakinak eztabaidatu eta digeritzeko.