
Ondarearen Europako Jardunaldiak 2026 Gipuzkoan
2026(e)ko urriaren 1(a), osteguna → 2026 urr. 31(a)
Donostia, Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien X. edizioa (“Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos”) aurkeztu du. Ondarearen Europako Jardunaldiak 1991n Europako Kontseiluak abian jarri zuen proiektu bat da, eta helburu hauek ditu: ondareari balioa ematea, herritarrengana hurbiltzea eta ondarea zaintzeak eta transmititzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea, gizarte-kohesioa eta kultura-nortasuna indartzen dituen elementu gisa. Edizio honen helburua da arreta jartzea arriskuan dagoen kultura-ondarean eta hura babesteko, transmititzeko eta bizirik mantentzeko moduetan. Aurkeztu diren jarduerak hiru lan-ildoren inguruan egituratzen dira: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea. X. edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte-hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean. "Gure eskuetan. El patrimonio en nuestras manos” programak 98 jarduera baino gehiago ditu, guztira 157 ekitaldi eta Gipuzkoako 36 herritan hedatuko dira. Prentsaurrekoan Kultura zuzendariak, María José Telleriak aurten ere eskertu nahi izan du parte hartzen duten eragileen ahalegina, edizio bakoitzaren leloarekin bat datozen jarduera berriak aurkeztu nahi dituztelako, eta, horrez gain, aurreko jardunaldietako gakoak sartu nahi dituztelako, hala nola genero-ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta gizarteratzea. Alderdi horiek guztiak etengabe islatzen dira jardueren katalogoan. Diputatuak, halaber, eskerrak eman dizkie herritarrei, urtez urte ekimen honi ematen dioten erantzun aktiboagatik. Hainbat motatako ekitaldiak eskaintzen dira, hala nola komentatutako bisitak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, erakustaldiak eta kontzertuak, besteak beste, arriskuan dagoen kultura-ondarea ikuspegi oso desberdinetatik jorratzen dutenak, lurraldean zehar banatutako museo, elkarte, udal, enpresa eta partikularren eskutik. Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoan: egitaraua (pdf) Ondarearen Europako Jardunaldiei buruz Ondarearen Europako Jardunaldiak Foru Aldundiak bultzatutako proiektua dira. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko. Gipuzkoan, K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu programaren inguruko koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz. Ekitaldien ibilbidea eskuragarri dago Gipuzkoa Kulturaren webgunean eta lurralde osoko kultur etxe eta museoetan eskuragarri dagoen jardueren paperezko katalogo batean. Argibideak 98 jarduera / 157 ekitaldi Datak: 2026ko iraila, urria eta azaroa Lekua: Gipuzkoako 36 udalerri Aizarnazabal; Alkiza; Arrasate; Astigarraga; Azpeitia; Beasain; Bergara; Donostia; Eibar; Elgoibar; Errenteria; Ezkio-Itsaso; Getaria; Hernani; Hondarribia; Idiazabal; Irun; Lazkao; Legazpi; Leintz Gatzaga; Mutriku; Oñati; Oiartzun; Ordizia; Orio; Ormaiztegi; Pasaia, Segura; Tolosa; Urnieta; Urretxu; Usurbil; Zarautz; Zerain; Zestoa; Zumaia.