Zerdago
← Itzuli agendara
Ondarearen Europako Jardunaldiak 2026 Araban
BesteKulturklik

Ondarearen Europako Jardunaldiak 2026 Araban

2026(e)ko urriaren 1(a), osteguna → 2026 urr. 31(a)

Gasteiz, Araba

Ondarearen Europako 2026ko Jardunaldiek lurraldeko ondarea deskubritzeko, ezagutzeko eta haren kontserbazioan parte hartzeko gonbita egingo diete Arabako herritarrei urrian zehar. "Gure eskuetan / El patrimonio en nuestros manos" lelopean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bat dator Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak 1991tik bultzatutako ekimen batekin. Edizio honen leloa Europako esparru gai honetatik abiatzen da: "Arriskuan dagoen ondarea: berritu, eutsi, berrasmatu", eta gure historiaren parte den ondare bateranzko erantzukizun kolektiboan jartzen du arreta, baina baita gure eguneroko bizitzan ere. Paisaiak, eraikinak, lanbideak, tradizioak, hizkuntzak, memoriak eta bizikidetza moduak ondare bizi baten parte dira, eta ondare hori ezaguna, zaindua eta transmititua izan behar da etorkizunaren parte izaten jarraitzeko. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, "ondarea ez da iraganekoa soilik. Gure herrietan, gure paisaietan, gure tradizioetan eta aurreko belaunaldietatik jaso ditugun historia eta oroitzapenetan ageri da". Horiek horrela, adierazi duenez, jardunaldi hauek "aukera bat dira ondare horretara hurbiltzeko, hura hobeto ezagutzeko eta hura kontserbatzea ere gure esku dagoela ulertzeko". Arabako programazioak askotariko proposamenak eskainiko ditu, publiko desberdinei zuzendutako jarduerekin, lurraldeko hainbat tokitan banatuta, eta jarduerak kuadrilla guztietan egingo dira. Besteak beste, bisita gidatuak, hitzaldiak, lantegiak, zinema arkeologikoaren proiekzioak, erakusketa bat eta bisita antzeztuak egongo dira, bai eta memoriarekin, lanbide tradizionalekin, dokumentu ondarearekin, arkeologiarekin eta ondare immaterialarekin bereziki lotutako proposamenak ere. Jardueren artean, nabarmentzekoak dira Nafarrateko ondarean eta memorian zeharko ibilbideak eta hango elizaren aurriak, zeina 1936ko borroken agertoki izan baitzen; Zaramagako ibilbidea eta 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren hondarrak; Bilarko San Bizente dolarearen aztarnategiko bisita, eta Zabalateko monumentu multzoa, zeinak aukera emango baitu hango gaztelua, Erdi Aroko hiribildu zaharra eta egungo herria ezagutzeko. Programak ondarea berreskuratzeko eta kontserbatzeko prozesuetara hurbiltzea ere proposatzen du. Esate baterako, Añanako Gatz Harana eta Zambrana-Herrán jauregia berreskuratzeko jarduera, edo Bilarko Jasokundeko Andra Mariaren eliza bisitatzea, 2016an izandako sutearen ondoren espazio hori berreskuratzeko nola jardun zen jakiteko. Ondare immaterialak ere zeregin nabarmena izango du. Jardunaldietan hainbat gai jorratuko dira, hala nola Gorbeiako magaleko lanbideak eta tradizioak, euskal laiak, herri hileten kultura edo tokiko jakintzak eta ohiturak transmititzeko moduak. Artziniegan, gainera, antzinako lanbideek bizia hartuko dute bisita antzeztuen bidez. Bisita horiek herriari lotutako bizimoduak, hizkuntza, pertsonaiak eta anekdotak berreskuratuko dituzte. Programazioak ondareari eta memoriari buruzko begirada berriak ere izango ditu. FICAB ibiltaria zinema arkeologikoaren zikloak Bibat Museora bi dokumental hurbilduko ditu, memoriak berreskuratzean eta historia ikuspegi berrietatik berrikustean oinarrituak. Era berean, ondare arkeologikoari buruzko hitzaldi batean erakutsiko da nola LiDAR teknologiak eta aireko irudiek aukera ematen duten Arabako paisaiaren azpian ezkutatuta dauden elementuak ezagutzeko eta aztertzeko. Edizio honen beste ardatzetako bat izango da premia dagoela babesteko izaeragatik zaurgarriena izan daitekeena. Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak lantegi hau eskainiko du: "Eta, hau nola gordetzen da / ¿Y esto cómo se guarda?"; bertan, argazkiak, gutunak, liburuak, txanponak eta familia ondarea osatzen duten beste objektu batzuk behar bezala kontserbatzen ikasiko da. Jardunaldiek, halaber, arreta berezia eskainiko diote ijito Herriaren ondareari eta memoriari, eta Bibat Museoan emakume jitoei, memoria, balio, hizkuntza, ohitura eta tradizioen transmisore gisa, zuzendutako erakusketa bat egingo da. Programazioa kafearen kulturaren eta sinbologiaren inguruko hitzaldi eta lantegi batekin osatuko da. Dokumentuei dagokienez, bisitak egingo dira Euskal Misioen Elizarteko Artxibora, Ángel Sagarmínaga Mendietak Misio Pontifikaleko zuzendari izendatu zutenetik mendeurrena igaro dela-eta utzitako ondarea ezagutzeko. Era berean, espazio bat egongo da Vitoria-Gasteizko kultura memoria berriena berreskuratzeko, hitzaldi honekin: "Lovy, 50 años de la comedia musical más vitoriana (Lovy, komedia musikal gasteiztarrenaren 50. urteurrena)", Arabako Arte Ederren Museoko Elkarrizketak programaren barruan. Ondarerako sarbide zabalagoa izateko konpromisoaren barruan, urrian Arabako museoetako bisita gidatu irisgarriak eskainiko zaizkie ikusmen, mugikortasun edo adimen desgaitasuna duten pertsonei. Bisita horiek aldez aurretik hitzartu ahal izango dira helbide honetan: educacionmuseosyarqueologia@araba.eus. Ondarearen Europako Jardunaldiak irailaren 30etik azaroaren 1era egingo dira; hau da, jarduera gehienak urrian egingo dira. Parte hartzea doakoa izango da, baina proposamen batzuek erreserba behar dute aldez aurretik, edukiera mugatua dutelako. Ondarearen Europako Jardunaldiak Araban: egitaraua (pdf)